60-75 urte arteko hamabi lagun dira, “saltsa askotan ibiltzen direnak”, eta gaizki hartzen dute norbaitek erretiratuen edo jubilatuen taldea dela esaten badu. Gehienak jubilatuak diren arren, erretiratu nahi ez duten erretiratuak dira, oraindik bizitzan egiteko asko dutenak eta nabari da hori.
Oro har, “artistak” dira aurten Kukuka eskolan antzerkia ikasten hasi den talde “berezi” honetako kideak eta “gazte” hauek ikasturtean egindako lanaren emaitza da Kuba Libre lana. Talde amateurra da eta eurek sortu dute guztia, antzerki-lana, arropak, eszenografia... Joxe Mari Berasategi Txapas urnietarraren laguntzarekin. Honen ustez, “magia egiten dute, denetarik lortzen dute”.
Hamabi dira guztira, Juan Segurola izan ezik denak emakumezkoak, “beti bezala, gizonak zero patatero” dio Bego Bergarak, “oilar bakarra eta hamaika oilo” Txapasek. Beraz emakumeei gizonezkoen papera egitea tokatu zaie, esaterako Miren Zumetari berak azaldu digunez. Erdiek egiten dute gizonezkoarena eta oso ondo gainera irakaslearen ustez. Juan Segurola, aldiz, kubatar beltzarana izango da.
Oro har gustura ari dira, oso ondo pasatzen dute Bego Bergarak emanaldia hurbildu ahala estutzen ari dela aitortu arren: “Ez dut nahi beste gozatzen, saltsa honetan ez dago bestetako lasaitasunik”. Ikasturtean zehar sarritan egin dute barre eta hori da Miren Zumetaren beldurretako bat: “Kostatuko zaigu gero han parrarik ez egiten”.
“Kuba Libre” sortzeko ez dira testu batetik abiatu, norberaren esperientziatik, ingurukoetatik edo anekdotetatik baizik. Ikasle bakoitzak berak finkatu ditu Kubara doan koadrilako pertsonaiaren ezaugarriak “poliki poliki” irakasleak esan digunez. Bere iritziz “oso ondo moldatzen dira oholtzan. Gidoia sinopsi modukoa da eta horrek askatasuna ematen dio aktoreari. Baina, libre uzterakoan kontuz ibili behar da istorioaren sinesgarritasuna ziurtatu behar delako, eta hori oso ondo egiten dute”.
Ez dute “Kuba Libre” antzerki-lanaren testua hitzez hitz eta zehatz mehatz idatzita. “Zirriborro bat zen hasieran eta sinopsi antzeko bat bukaeran”. Ez zen hori asmoa, baina istorio baten barruan lotuta dauden sketch ezberdinak dira taldekideen ustez, eszenaz eszena, sketch-en bilduma. “Eszena motzak izan behar ziren, bestela luzeegia izango zen eta”. Segurolak azaldu digunez, emakumeei hitzegiten utziz gero, ezin jakin noiz arte segituko zuten, beraz, garbiketa egin, ideia xelebre zein bitxiei heldu, moldatu eta onena utzi dute.
Gainera Kukuka eskolako gaztetxo batzuen laguntza izango dute, beste lan baterako Kubako dantza prestatu dute eta “Kuba Libre” lanean ere aterako dira bizpahiru aldiz. Segurola kubatar gaztetxoz inguratuta ibiliko da beraz. Bego Bergararen kezka da ez ote duten gaztetxoek lanean “protagonismo” gehitxo hartuko, “guk baino hobeto dakite eta dantzan”.
Ikasteko ez omen da adin txarrik, eta oraindik pelikularen baterako proposamena jasoko balute ere, ez dira ados jarri. “Hemengoarekin nahiko” dio Bego Bergarak , baina erdi txantxetan aitortu digu onartuko luketela “ordaintzen duten milioien arabera”.
Tortila batzuen truke izango dute han eta hemen antzezteko aukera. “Baina, jubilatuen etxeetan ez” diote haserre. Gainera Txapasen ustez, “ez da komenigarria pentsatuko dutelako antzezlana jubilatuentzat dela, eta ez da horrela: jubilatuentzat ere bada, baina edonorentzako da egokia”, Kubara joan-etorria, “hiru ronbokoa” den arren.
Joxe Mari Berasategi “Txapas” Aktorea eta antzerki irakaslea
“Buru-belarri ari naiz antzerki-irakaskuntzan”
Urnieta eta Lasarte-Orian irakasten du antzerkia Joxe Mari Berasategi "Txapas" aktore urnietarrak. "Talde pila ditut eta kontentu nabil honetan buru belarri" esan digu Goenkale telesailari esker ezagun egin zen aktoreak. Oraindik ere ageri da tarteka telebistan, baina azken urteotan ez du telebistarako lanik egin. "Errepikapenak dira. "Goazen" duela lauzpabost urteko kontua da, baina hainbeste aldiz errepikatzen dute... Ordutik ez dut telebistarako ezer egin" ziurtatu digu.
Madrilen ere ibili zara?
Bai aspaldidanik. Baina beti joan etorrian, saltoka. Talesailen batean papertxoren bat izan dut aurten, baina oso ondo nago hemen, familia ere izan nuen eta.
Noiztik ari zara irakasle?
Iazko ikasturtetik. Muntaia pila egin ditugu Urnietako bi ikastetxetan, hiru hilabetero emanaldia. Oso bizia izan da.
Eta zer moduzkoa da Lasarteko taldea?
Erabat desberdina eta oso ona. Jakinminez nago emaitza ikusteko. Nahi badute behintzat izango dute hemendik kanpo emanaldiak egiteko aukera. Gauza bat ondo egina dagoenean mugitu egin behar da.
Zer irudtzen zaizu, oro har, Kukuka egiten ari den lana?
Inbidia ematen du, eredugarria da. Ikaragarri ona eta pozgarria gaztetxotatik kalitatezko gauzak egiten dituztela ikustea. Gozamena.
Zertan moldatzen zara hobeto, aktore ala irakasle-zuzendari?
Arraroa egiten zait, urte askotan izan naiz eta aktore. Antolatzaile lan hau gustatzen zait, baina sofritu egiten dut ez dagoelako nire esku. Esaterako lan bat ordu laurdena luzatu dela ikusten badut...
Eta aktore aritu zarenean, zer duzu nahiago, antzokian ala kamararen aurrean?
Txikitan, Urnietan, Lourdes Iriondo, Xabier Lete eta beste batzuekin antzerkian aritu nintzen, baina gero behin Donostian eta Madrilen aste dramatikoa egin nuenetik, ia dena kameraren aurrean. Duela urte pare bat, Bilbon, Arriagan, gauza polit bat egin nuen hiru hilabetez, eta gertuagokoa da, aktoreak saria izaten du. Ikusiko dute ikasleek merezitako txaloak jasotzen dituztenean, hori gozamena!. Zinean aldiz egun osoan han egongo zara eszena bat grabatzeko eta inork ez zaitu txalotzen.