Tenis festa handia kirol gunean

Txintxarri Aldizkaria 2012ko maiatzaren 21a

Tenisak bere lekua izan zuen larunbatean Michelingo kirol gunean. Eskolarteko txapelketako banakako finalak izan ziren bertan eta hauen artean, Landaberriko Yaiza Navarro eta Saioa Mendiluze ikasleen arteko norgehiagoka ikusi ahal izan zen.

Michelingo kirolgunean Gipuzkoako eskolarteko txapelketako banakako finalak izan ziren larunbatean eta hainbat izan ziren gaztetxoak animatzera hurbildu ziren guraso eta lagunak.
Eguerdiko hamabietatik aurrera, alebin, infantil eta kadete mailako gaztetxoek kontsolazioko finalak eta final nagusiak jokatu zituztenak.
Xabier Gonzalez, Landaberriko ikastolako entrenatzaileak azaldu zigunez, txapelketa Aste Santu aurretik hasi zen eta guztira, 65 tenis-jokalari izan dira txapelketan lehian eta horietako ugari lasarteoriatarrak izan dira.

Herritarren finala
Gainera, larunbatean, hainbat finaletan ikusi ahal izan genituen herritarrak eta nesken infantil mailako finalean, Landaberri ikastolako Yaiza Navarro eta Saioa Mendiluze izan ziren aurrez aurre.
Ederki astindu zuten biek pilota, baina hasieratik Yaiza Navarro jarri zen aurretik. Nahiz eta Saioak ahaleginak egin, azkenean 6-2 irabazi zuen Navarrok.

Txapeldunak
Honela, Yaizaz gain, maila bakoitzeko irabazleak honako hauek izan ziren: kadete mailan Iñigo Bereciartua eta Patricia Puertaolas infantil mailan, berriz, Borja Martin eta azkenik, alebin mailan, Maria Egaña eta Mikel Pelaez.
Dominak eta garaikurrak banatzen Lasarte-Oriako alkatea Pablo Barrio, Asier Sarriegi Foru Aldundiko kirol arduraduna, Jesus Diez LOKE elkarteko lehendakaria eta Xabier Gonzalez entrenatzailea izan ziren.

Taldekako txapelketa
Honetaz gain, nahiz eta taldekako txapelketa martxoan amaitu, lehiaketa honetako alebin mailako sari banaketa ere egin zuten.
Honetan, bai neska, baita mutilen txapelketan ere, Donostiako Mary Ward ikastetxea izan zen garaile.
Era berean, txapeldun orde izan ziren Landaberri ikastolako eska eta mutilen A taldeak.

Squash txapelketa
Bestalde, gaurtik aurrera, Squash txapelketa sozialeko bigarren fasea jokatzen hasiko da udal kiroldegian.