Uribe, Rodriguez, Bruño eta Busto Gipuzkoako txapeldun

Txintxarri Aldizkaria 2012ko maiatzaren 21a

Kadete, jubenil, junior eta beterano mailako atletek Gipuzkoako txapelketako jardunaldiak izan zituzten maiatzaren 12 eta 13an Donostia eta Tolosan. Hauetan Jon Ander Bruño, Itoitz Rodriguez eta Eneritz Busto gazteak eta Santos Uribe beteranoa Gipuzkoako txapeldun izan ziren.
LOKEko kadeteak fin ibili ziren asteburu osoan. Itoitz Rodriguezek luzera jauzian, altueran eta 100 metroetan lehenengo postua eskuratu zuen eta Eneritz Bustok altueran.
Ane Galardi bigarren izan zen luzera jauzian eta 100 metroko lasterketan. Maria Eugi, berriz, hirugarren izan zen luzeran eta laugarren 100 m.-ko proban.
Maider Rekondok pisua eta jabalinan zilarrezko domina lortu zuen.
Jubenil mailako luzera jauzia proban Jon Ander Bruño txapeldun izan zen.
Eta Santos Uribe Zumeatarrak taldeko beteranoak 5000 m. martxa proban bere adineko irabazlea izan zen.
Hau guztiaz gain, Itoitz Rodriguez 300 m. hesi-lasterketan probako irabazlea izan zen, apirilaren 28an.

Eskolartekoa
Bestalde, Landaberri ikastolako gaztetxoak Gipuzkoako eskolarteko txapelketan izan ziren.
Eneritz Busto altueran irabazle izan zen, 150 metroko lasterketan eta 80 m. hesi-lasterketan bigarren izan zen. Idoia Olasagasti bi proba hauetan hirugarren izan zen eta Oihana Igarriz 7. izan zen disko jaurtiketan eta 80 m. hesi-lasterketan.
Hirurak Gipuzkoarekin Euskadiko Jokoetan parte hartuko dute.