Aste Berdea ospatuko da ekainaren 4tik 8ra

maider-azurmendi 2012ko mai. 23a, 14:56
Nerea Sanchez hirigintza, ingurumen, merkataritza eta osasun batzorde buruak aurkeztu du gaur ekainaren 4tik 8ra egingo den Aste Berdea. Urtero egiten den ekimen honetan, bi ekintza izango dira nagusi. Lehena, eraginkortasunez gidatzeko ikastaroak egingo dira eta bigarrena, berrikuntza moduan, herritarren parte hartzea sustatzea oinarri duen ekimen berdeen bilduma izango da.
Nazioartean ospatzen den ekimena da Aste Berdea, aurtengo leloa "Ekonomia berdea, zu ere hartzen al zaitu?" da "modu askotara interpretatu daiteken leloa denez, guk ez ohikoak diren ekintzak antolatzen saiatu gara" azpimarratu du Nerea Sanchezek.

Ekintzak bi izango dira nagusiki, batetik eraginkortasunez gidatzeko ikastaroak burutuko dira ekainaren 5,7 eta 9an lau orduz eta bestetik, herritarren parte hartzea oinarri duen ekimen berdeen bilduma osatuko da. Herritarrek euren eguneroko bizitzan ingurumena zaintzeko egiten dituztenak jasotzea du helburu. Adibidez, autokonpostajea etxean egiten dutenak, haurrentzako pardel ekologikoak erabiltzen dituztenak, ur gutxiago kontsumitzeko gailu ezberdinak komunean edota sukaldeko iturrietan erabiltzen dituztenak...esperientzia horien berri izan nahi da.

Hauek artelatz@artelatz.com helbidera edota 943 670 249 telefonora deituta utz daitezke ekainaren 1a arte. Ondoren, guztiak liburuxka batean bilduko dira eta erakutsiko dira ekainak 6an 10:00etatik 13:00etara Brigidatan eta ekainak 8an 17:00tik 20:00ra Okendo plazan.

Gidatzeko ikastaroa burutzeko ere, izena eman behar da aurrez aipatutako telefono zenbakian. Nerea Sanchezek herritarrak hauetan parte hartzera animatu nahi izan ditu egindako agerraldian.