Biodibertsitatea zaintzen

Txintxarri Aldizkaria 2012ko maiatzaren 24a

Lasarte-Oriako ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako gaztetxoek herriko Biodibertsitatea aztertu dute ikasturtean zehar. Eskolako Agenda 21 ekimenaren barruan egindako lana izan da eta honetan hainbat ondorio eta proposamen atera dituzte herriko biodibertsitatea mantentzeko. Hauek guztiak gaur eguerdian Udalean egin zen Udalbatzar berezian jakin arazi dizkiete udal-ordezkariei.

Lehen Hezkuntzako gaztetxoek Udalbatzar aretoa bete dute gaur. Hirugarren urtez, Agenda 21-ean egin duten lana azaldu eta honen ondorioak azaldu dizkiete Pablo Barrio alkateari, Nerea Sanchez Ingurumena, Merkataritza, Osasun eta eta Hirigintza batzorde buruari eta Boris Nogales Euskara, Hezkuntza eta Kultura batzorde buruari.
Aurten gai berri izan dute, biodibertsitatea. Horregatik, gelan gaiaren inguruko alderdi ugari aztertu dituzte. Honetarako, ekintza eta irteera ugari egin dituztela azaldu dute.

Proposamenak

Hauen ondorioz, Udalari egin beharreko eskaera eta proposamenak finkatu dituzte eta gaur aurkeztu dituzte. Hala nola, animalia eta landare inbaditzaileak kendu eta espezie hauek ez ugaritzeko neurriak hartzea, desagertzeko arriskuan dauden espezieak babestea, baso garbiketak antolatzea, “Zuhaitzen egunean” zuhaitz gehiago landatu ahal izateko toki gehiago eskaintzea, auzo berriak sortzerakoan eremu berdeak jartze edo herriko eremu naturaletan eraikuntzarik ez egitea izan dira eskaerak. Aipamen berezia egin diote errauskailuaren eraikuntzak gelditu eta atez-ateko sistema herrian ezartzeari.
Pablo Barrio alkateak eta Nerea Sanchezek gaztetxoek egindako lana goraipatu dute eta proposamenak aztertuko direla azaldu du alkateak. Nerea Sanchezek, berriz, gazteei gogoratu die guztien zer egina dela herriko biodibertsitatea mantentzea, "guztiek egin dezakegu zerbait. Honetarako elkarlana beharrezkoa da".