Bizi dugun sistema politikoa "Monarkia parlamentarioa" omen da. Bere defendatzaileen hitzetan, dagoen sistemarik demokratiko eta justuena. Zorionekoak gu!
"Jainkoaren graziaz" eta estatu kolpe batek pixka bat lagunduta, bere burua buruzagi goren izendatu zuenak inposatu zigun erregetza hegoaldean.
Frantzian berriz, errege absolutuei lepoa moztu zieten aspaldi. Gaitz erdi iparraldekoentzat.
Euskaldunoi gaitz hauek hala ere aspalditik datozkigu. Hain justu, Errege Katolikoen garaitik. Espainia asmatu zutenetik.
Ezin ba bakoitza bere lurraldearekin konformatu eta…besteenak gogoan… "Konkistara"! abiatu ziren.
Herrialdeak "deskubritzera". Mundu berria "deskubritu" zuten. Haiek beraien burua ederki ezagutzen zuten espainol, portuges eta abarrek "deskubritu" aurretik. Bai hala jaina!
Baina "deskubritu" hitzaren atzetik sakeatu zegoen noski. Hitz hori justifikatzeko ez dago pixka bat begiratzea besterik. 500 urte eta piko beranduago, Mexikotik Patagoniara "Konkista" aurreko zenbat kultur zeinu galdu dituzten eta hizkuntza aldetik zer sarraski egin zuten. Hori 1492 aldera hasi omen zen. Errege eta Katoliko izenpean.
Egun hauetan beste data bat badabil gure herrian gogora ekarri nahian 1512 hain zuzen. Errege Katolikoak Espainia "batua" asmatzen egin zituzten ahaleginen data mingarria. Gure eskubideak hankapean hartuta egin bai zuten.
Hain zuzen ordutik euskaldunok menpekotasuna sufritzen dugu. Eta azken ia 40 urte honetan Errege Kaotiko bat pairatzen dugu. Bere burua eta bere "familia eredugarria" ezkutatu ezinik dabilena. Zer nezesidade daukagu horrelako auzo-lotsa pasatzeko?
Batez. Erregek, katolikok, Kaotiko eratorri bai du hemen.