“Zubietatik jokalari on asko atera da”

jon-altuna-iza 2012ko maiatzaren 25a

Errege Kopa jokatzen ari da gazte mailako Erreala. Igandean, hilaren 27an, eguerdiko 12:00etan, Zubietan, Bartzelonaren aurka jokatuko dute final laurdenetan, eta ekainaren 3an Bartzelonan erabakiko da kanporaketa. Egungo txapeldunak dira kataluniarrak baina Errealean jokatzen duen Ander Bardaji lasarteoriatarrak, badu txapelketa honetan esperantzarik. Final zortzirenetan Xixongo Sporting taldea gainditu dute: han 4-4 berdindu zuten eta hemen 4-3 irabazi. Beste final laurdenetan Valentzia-Malaga, Espanyol-Racing eta Atletico de Madrid-Tenerife dira.

None
Denbora gutxi izaten du Ander Bardajik ikasturtean zehar, ikasketak eta futbol entrenamenduak direla eta. Batxilergoa ikasten ari da zientzien arloan marrazketa teknikoaren bidetik eta orain, behin azterketak amaituta, lasaiago dabil. Dena den astelehen, astearte, asteazken eta ostiraletan gazte mailako Errealarekin entrenatzen du eta igandetan partidua jokatu. Txandaka jokatzen dute berak eta Asier Capilla beste atezainak. Txapeldunen kopan Bardajik jokatu zuen eta Errege kopako lehen kanporaketan Capillak. Euskal Herriko ligaxkan sailkatu eta gero bi txapelketa horietan parte hartu dute: “Txapeldunen Kopa Lepen jokatu genuen maiatzaren hasieran Estatuko zazpi ligaxketako txapeldunek eta bigarren sailkatuen artean onenak, eta orain Erregearen kopa jokatzen ari gara, 16ren artean, ligaxketako lehen biek eta hirugarren sailkatuen artean bi onenak, (hain juxtu Athletic Euskal Herrikoan eta Real Madrid Madrilen). Lepen, Sporting-ekin galdu genuen Txapeldunen Kopako final laurdenetako partiduan, aldiz, Errege kopako kanporaketak bi partidutan jokatzen dira” azaldu digu Anderrek. Oraingoz Sporting-en aurkako lehen kanporaketa pasa dute.

Talde guztien artean maila berdintsua dagoela eta ez du Ander Bardajik zerbait egiteko esperantzarik galdu. “Maila aldetik parekatuak gaude denak, adibidez, aurreko txapelketa irabazi zuen Sevillaren aurka penaltietan galdu zuen Sportinek. Ez da egon hainbesteko alderik”. Behin Sporting gaindituta orain Bartzelonarekin neurtuko dituzte indarrak.

Hemengo ligaxkan txapeldunak izan zineten...
Bai, baina hiru taldek berdinduta bukatu genuen, Errealak, Athletic-ek eta Danok Bat Bilboko beste taldeak, beraz ez da erraza izan. Agian beste maila batzuetan Errealekoek errazago irabazten dute, baina gazteen mailan ez, teknikoki parekotasun handia dago. Gainera, denboraldia gaizki hasi genuen.

Athletic al da zuen aurkari gogorrena?
Bai beti izaten da gogorra. Osasuna ere bai, aurten oso ondo aritu ez bada ere. Eta Danok Bat-ek ere denboraldi ona egin du: Bilbo inguruan Athletic-en ez dabiltzan jokalari onenak talde honetan daude, gehienak azken urtekoak. Athletic-en onak badira, bigarren urteko jubenilak ere, badabiltza.

Derbyak nolako partiduak izaten dira?
Orekatuak, hemen bina egin genuen, irabazten hasi ziren gero aurreratu ginen eta azkenean berdindu. Eta han 1-2 irabazi genuen. Batek irabazten du edo besteak, baina orekatuak izaten dira.

Hiru talde berdinduta baina txapela zuena izatea, urteko une pozgarria izango zen, noski...
Bai, aurreko jardunaldian ere berdinduta ginen eta bagenekien horrela bukatuta gu ginela txapeldunak. Errioxan jokatu genuen, a tope atera ziren, baina irabazi genuen.

Lepen Sportingek kaleratu zintuzten?
Bai atsedenaldira 3-0 galtzen joan ginen. Lehen parte txarra egin genuen. Bigarren zatian, beste itxura bat eman genuen, 3-2 hurbildu ginen, aukeraren bat izan genuen, baina penarekin geratu ginen.

Zuk jokatu zenuen?
Bai

Partidu osoa?
Bai, bai.

Denboraldian txandaka jokatu duzue, ezta?
Bai, berdina gutxi gorabehera, Asier Capilla eta biok. Nahikoa jokatzen dugu, bi atezain izanda... ez naiz kexatzen.

Zer moduzko maila dago adin honetan oro har?
Ona. Sporting finalerdietara iritsi zen, eta Sevillarekin galdu penaltietan. Normalean, Espanyol-ek talde ona izaten du, baina finala galdu egin zuen Sevillarekin. Bartzelonak ere jokalari onak ditu, bat lehen taldearekin ari da entrenatzen eta bigarren mailako taldearekin jokatzen.

Jokalari horiek izango al dira urte batzuek barru futbol ligako izarrak?
Printzipioz hori izaten da harrobia lantzearen helburua. Gure taldeko jokalari bat ere egon da lehen taldearekin.

Beraz pozgarria da zuentzat horrelako partiduak jokatzea?
Bai, partidu berezia izan zen, telebistaz ere eman zuten. Ez dakigu berriz noiz jokatuko dugun horrelakorik, azken hamar urteetan soilik bi aldiz jokatu du Errealak txapelketa hau, urte askoan egon da aurrera egin gabe. Sari bat da guretzat.

Zeintzuk dira zure dohain nagusiak? Zure ezaugarriak?
Aire-jokoan, erdiraketetan, ondo moldatzen naiz, altuera nahikoa dut eta; ate azpian ere defenditzen naiz; azken finean, erabakiak hartzea da, atezainak geratu egin behar du, itxaron, aurreratu eta aurrelaria bera baino lehenengo sartzen bazara, agian berak sartzeko errazagoa dauka. Ikasteko edo hobetzeko daukat astindua.

Gaur egun oso garrantzitsua da hori...
Bai erasoa gaur egun atezainarengandik hasten da.

Noiztik ari zara futbolean?
Txikitatik. Alebin mailan hasi nintzen Ostadarren. Infantil mailatik naiz Errealean eta oraindik beste bi urte ditut jubenil mailako taldearekin.

Ondo ari zara beraz, lehen urtekoa izanik, jada jokatzen?
Bai.

Eta lasarteoriatarra izanda, baduzu abantaila bat, bertatik bertara daukazula Zubieta?
Bai, beste jokalariei, Azpeititik edo Debatik datozenei entzuten diet, egunero ordubeteko bidea dutela eta ni hamar minututan han nago.

Nongo jokalariak dira, Gipuzkoa osokoak?
Baiona inguruko bi jokalari daude, Tenerifeko bat, oso txikitan etorri zena eta Tuterakoa; besteak gipuzkoarrak, Beasain, Irun, Billabona, Tolosa, Urnieta, Lazkao... eta Egaña zarauztarra.

Euskara erabiltzen al duzue?
Denetatik, Goierrikoekin euskaraz egiten dugu, Donostia eta Irun aldekoek ohitura gutxiago daukate. Iparraldekoek gazteleraz ondo egiten dute.

Kanpoko taldeak nahasteko erabilgarria izan daiteke hizkuntza, ezta?
Hori bai. Euskaraz esanez gero ez dute ulertzen, Hori argi daukagu

Zer moduzko giroa dago taldean?
Ona. Egunero ikusten gara, adin beretsukoak gara, azken finean harreman ona eduki behar, ia lagunak baino gehiago ikusten ditugu eta.

Bidaiak ere egiten dituzue?
Bai, normalean joan eta etorri. Lepera ez, hara egun batzuetarako joan ginen. Larunbatean, joan, igande goizean entrenatu, astelehenean partidua galdu eta asteartean itzuli ginen. Irabazi izan bagenu asteazkenean beste partidu bat geneukan.

Pena handia hartu al zenuten?
Bai.

Zubietak fama ona zeukan lehen, orain protagonismoa Bartzelona taldearen Massiak hartu du?
Zubietatik jokalari on asko ari da ateratzen orain. Ruben Pardo adibidez. Iaz, igo ninduten gora eta partidu bat jokatu nuen berarekin. Niretzat handia da. Hala ere, ez dakit zenbaterainokoa den Barsarena. Egia da jokalariak atera dituela, aukera gehiago ere baditu, baina Kataluniako ligan Espainol da nagusi.

Gipuzkoan oro har, futbolzaleak deseatzen daude bertako jokalariak ikusteko?
Bai.

Urruti ikusten al dituzu, Sanse eta Errealeko debuta?
Bai, maila handia da hor. Noski nahi duzula baina lehen urteko jubenila izanda, asko falta dut oraindik. Poliki poliki, ikusiko da. 17 urte ditut.

Zure helburua Errealean jokatzea al da?
Bai, gainera errealekoa naiz. Handia izango zen baina suertea ere behar izaten da. Ramirez, hirugarren atezaina, zazpi urtean partidurik jokatu gabe joango da aurten kanpora, Zubikaraik ere aukera oso gutxi izan ditu. Eta horra iristen dena atezaina ona da dudarik gabe, baina...

Bravo kanpokoa da, beharko du errealak etxeko atezain onen bat. Konpetentzia handia al dago?
Bai atezain asko dago. Nire adinekoak hiru gaude, bat hirugarren mailan ari da utzita, nahiz eta gaztea izan. Kategoria oso ona da, trebatzeko eta esperientzia hartzeko.

Zuri gustatuko litzaizuke Errealean segitzea?
Bai, ea suerterik daukadan.

Ba al daukazu atezain kuttunik?
Niri Bravo gustatzen zait. Denboraldi bukaeran oso ondo ibili da ate azpian.

Aurrekoak ere ezagutuko zenituen noski...
Westerveld-etaz gogoratzen naiz.

Gogor entrenatzen al duzu hobetzeko?
Bai. Astelehenetan atezainak, bakarrik, eta astearte, asteazken eta ostiraletan taldearekin.

Beste kirolik egin al duzu?
Txikitan tenisa, pilota, orain aitarekin palan jokatzera joaten naiz, Santa Anan jokatu behar dugu.

Daukazun altuerarekin ez al duzu saskibaloian jokatu?
Eskola kirolean bai, baina bestela ez.

Tenisa eta pilota onak izango dira atezaina izateko, erreflexuak lantzeko?
Bai. Tenisean futbolean baino askoz ere lehenago hasi nintzen. Orain libre nagoenean pala hartzen dut.

Beste zaletasunik ba al duzu?
Txirrindularitza ere gustatzen zait baina ez naiz ibiltzen. Eta txistua jotzen dut.

Ikasketei dagokionez erabaki al duzu zer ikasi?
Zientziatako zerbait seguru, baina, ez dut oraindik erabaki.