Kukukaren festa handia

Txintxarri Aldizkaria 2012ko maiatzaren 25a

Herriko Antzerki eta Dantza eskolak bere hamabostaldiari amaiera bikaina emango dio X. urteurrena ospatzeko antolatu duen jaialdiarekin. Okendo plazan bihar egun osoko egitaraua antolatu dute. Kukukakoek desfile ikusgarria egingo dute herrian barrena 11:30ean hasita. Erromeria, batukada eta kontzertuak ere ez dira faltako hain egun berezian.

Urteroko zitari hutsik egin gabe, bi astez, Kukuka antzerki eta dantza eskolako ikasle eta irakasleak ikusi ahal izan ditugu beste behin ere oholtza gainean maixu.

Gaur, ostirala, izango dira azken antzezlanak Manuel Lekuona kultur-etxean. Helduen hiru taldeek euren lanak taularatuko dituzte. Lehenek 19:00etan egingo dute saioa. “Kuba Libre” antzezlanean aktore lanetan ariko dira 60-75 urte arteko hamabi lagun. Taldeak lehenengo ikasturtea izan du hau eta irakasle izan dute Joxe Mari Berasategi “Txapas”.

Ondoren 22:30ean, bi lan ikusteko aukera izango da, lehena “Maitasun errotuak” Solaskide ekimeneko euskaldun berrien eskutik eta azkenik, “Piztiak dio”.

Hamabostaldia gaur bukatu arren, antzerki eta dantza eskolako arduradunek oso balorazio positiboa egiten dute “saio askotarako sarrerak oso azkar agortu dira eta oso pozik gaude herritarrek egindako harrerarekin”.

Jaialdia
Hamabostaldi oparo honi amaiera eman eta X. urteurrena ospatzeko, jaialdi handia antolatu dute biharko.
Goizeko 9:00etan dultzaineroen dianarekin hasiko da festa. Ondoren, eskolako ikasle eta irakasleen desfilea izango da herrian barrena 11:30etatik aurrera. Berrikuntza moduan, musika zuzenekoa izango da Trikihots taldeari esker. Honetara Kukukaren kamisetarekin etorri behar da. Salgai dago Ika eta Urruzola dendetan.

Erromeriak hartuko du lekukoa Amalur musika eskolakoekin 13:00etan. Bazkari herrikoia izango da 14:00etatik aurrera eta 15:30ean bazkalondoko kantak, Ahuen taldea bertsolariekin batera, Jalgune eta eskolako helduen taldeen emanalditxoak.

16:30ean batukada eta 17:00etan Añorgako antzerki taldearen emanaldia, ipuin kontaketa Kontukantoirekin eta kale animazioa.

Kontzertuak 18:30ean hasiko dira Manillares Iturriaga eta Alain+Naken dj-ekin eta 23:00etan, The Garajekuak, Gaueko itzalak eta Trikihots izango dira festa eguna bukatzeko arduradunak.

Eguraldi txarra egitekotan, unean erabakiko da ekintzak nora eraman. Badaezpada Loidi Barrengo frontoia hartuta dutela jakitera eman dute Kukukakoek. Herritarrak festan parte hartzera animatzen dituzte.