Buruntzaldeko Areto Futboleko txapelketa aurkeztu dute

Txintxarri Aldizkaria 2012ko maiatzaren 25a

Bigarren urtez Buruntzaldeko udalek kirolaren arloan elkarlanean, Areto Futboleko txapelketa antolatu dute. Iazkoa Andoinen ospatu zen eta aurten partidak herrian izango dira. Txapelketa ekainaren 1ean eta 2an ospatuko da.

Andoain eta Lasarte-Oriako zinegotziek aurkeztu dute txapelketa.
Aurtengo lehiaketa ekainaren lean eta 2an jokatuko da Lasarte-Oriako kiroldegian. Bertan txapelketa ezberdinetan parte hartzen duten lau herrietako talde txapeldunak edo, hori ezean, herriaren izenean doazen taldeak hartuko dute parte. Ekainaren lean, ostiralean, arratsaldeko 20:00retan jokatuko da lehenengo final erdia, Usurbilgo eta Lasarte-Oriako taldeen artean; jarraian, 21:00tan, Andoaingo eta Urnietako taldeek jokatuko dute bigarren final erdia.

Ostiraleko partiden irabazleak larunbatean, ekainaren 2an, arratsaldeko 18:00etan jokatuko dute finala. Ondoren, sari banaketa egingo da.

Aurtengoa bigarren txapelketa da, eta iaz Andoainen burutu zen elkarrekin antolatutako kirol jarduera. Buruntzaldea osatzen duten herrien asmoa da urtero herri ezberdin batean jokatuz, Areto Futboleko lehiaketari jarraipena ematea. Jarduera honekin herri mailako txapelketetan parte hartzen duten talde hoberenak saritu nahi dira ere, urte osoan jokatutako lehiaketan irabazle suertatu ondoren, aldameneko herrietako talde hoberenekin lehiatzeko aukera eskainiz.