Sekulako giroa Kukuka dantza eta antzerki eskolaren X. urteurreneko ospakizunetan

jon-altuna-egitegi 2012ko maiatzaren 26a

Hamargarren urteurrena modu alai, koloretsu eta parte-hartzailean ospatzen ari dira Kukukako lagunak. Eguraldia lagun, goizean desfile jendetsua egin dute, Amalurren erromerian euskal dantzak dantzatu dituzte eta orain bazkari herrikoia egingo dute Okendon.

Desfilearen ibilbidean, 1 Formulako autoak ere izan ditugu.
Umeak, helduak eta baita zaharrak ere, denak aritu dantzan jira eta buelta herriko karriketan Trikihotsen zuzeneko musikaz lagunduta. Eguraldi txarrari beldurra bazioten ere, ur eske amaitu dute desfilea askok eta askok. Ordubete inguru iraun duen desfilean ez baitira gelditu ere egin. Orain, ondo bazkaldu beharko dute, izan ere eguna hasi besterik ez da egin. Arratsaldean kale-animazioa, batukada, antzerkia eta hainbat musika talde izango baitira Okendoko eskenatokian. Eta gauean, ordu txikietaraino luzatuko da festa The Garax bertsio banda, Gaueko Itzalak heavy metal talde indartsua eta Trikihots-en erromeriaren laguntzaz. Anima zaitezte! Sekulako giroa dago eta!