Eguraldi paregabearekin burutu dute aurtengoan ere Erketz EDT-k antolatu duen dantzari txikien eguna. Egun osoan zehar herrian ibili diren gaztetxo denek erakutsi dute dantzarako dohain paregabeak dituztela, erresistentzia bikaina edukitzeaz batera. Izan ere, egun guztian aritu dira gelditu ere egin gabe dantzan eta antolatzaileak eguraldi txarrak beldurtzen bazituen ere, azkenean bero egin die. Horrexegatik neka-neka eginda eta izerdi patsetan amaitu zuten goizeko saioa dantzari txikiek. Dantza egiteak sortzen duen nekeaz errekuperatzeko, Saustatxo eta Semblante Andaluz elkarteetan bazkaria goxoa prestatu zieten kanpotik etorritako dantzari txikiei.
Arratsaldean, Okendo plazan bildu ziren talde guztiak eta emanaldi handi bat egin zuten, urte osoan zehar egindako lana herritar, lagun eta gurasoen aurrean erakutsi asmoz. Eguna biribiltzeko, fandango eta arin-arin banaren ostean, kalejira erraldoi bat osatu zuten Okendo plazan guraso, haur eta herritarrek.
