Dantzari txikien eguna arrakastatsua izan da

Txintxarri Aldizkaria 2012ko maiatzaren 27a

Goizean goizetik hasita, herrian barrena ibili dira Kukuka eta Erketzeko dantzariak eta Urretxu eta Oreretako etorritako lagunak. Euskal dantzen errepertorioa goitik behera errepasatu dute eta ez da agurrik, kalejirarik edota muxikorik falta izan.

Eguraldi paregabearekin burutu dute aurtengoan ere Erketz EDT-k antolatu duen dantzari txikien eguna. Egun osoan zehar herrian ibili diren gaztetxo denek erakutsi dute dantzarako dohain paregabeak dituztela, erresistentzia bikaina edukitzeaz batera. Izan ere, egun guztian aritu dira gelditu ere egin gabe dantzan eta antolatzaileak eguraldi txarrak beldurtzen bazituen ere, azkenean bero egin die. Horrexegatik neka-neka eginda eta izerdi patsetan amaitu zuten goizeko saioa dantzari txikiek. Dantza egiteak sortzen duen nekeaz errekuperatzeko, Saustatxo eta Semblante Andaluz elkarteetan bazkaria goxoa prestatu zieten kanpotik etorritako dantzari txikiei.

Arratsaldean, Okendo plazan bildu ziren talde guztiak eta emanaldi handi bat egin zuten, urte osoan zehar egindako lana herritar, lagun eta gurasoen aurrean erakutsi asmoz. Eguna biribiltzeko, fandango eta arin-arin banaren ostean, kalejira erraldoi bat osatu zuten Okendo plazan guraso, haur eta herritarrek.

Herriko Kukuka eta Erketz taldekoez gain, kanpokoen bisita jaso du gaurkoan Dantzari txikien egunak Lasarte-Orian.