Zabaletako jaiek 25 urte betetzen dituzte

Txintxarri 2012ko maiatzaren 28a

Teresa sorginak eta Zabaleta auzoko lagunek aurten ospakizun berezia dute, Zabaleta auzoko jaiak antolatzen hasi zirenetik 25 urte igaro dira. Horregatik, ekintzez betetako astea antolatu dute aurtengoan.
Haurrentzako ekintzak
Bihar, maiatzak 29tik ostegunera, 18:00etatik hasita, haurrek ez dute aspertzeko astirik izango.
Zabaletako jaietan ohikoak diren haurrentzako jolasak, eta japoniar bonbak izango dira. Baina hauetaz gain, asteazkenean Kukuka antzerki eta dantza eskolako gaztetxoek haien antzezlanak aurkeztuko dituzte eta ostegunean opari zozketa egingo dira.
Jaialdi handia
Ostiralean, hasiko dira ospakizun handiak. Kukuka antzerki eta dantza eskolako kideek antzerkia eskainiko dute.
Porrotxek eta “Dinbi banda” batukadak bere doinuekin, Teresa sorginari agurra egingo diote.
Ostean, dantza egiteko aukera izango da ingurutxo herrikoiarekin.
Gauean, “Altxorraren bila” filma botako dute, Kukuka-ren dantza garaikide emanaldia eta dantza egiteko gogoekin geratu denak erromeria izango du.
Txapelketak eta bertsoak
Larunbatean, berriz, Joxe Migel Aranzadi oroimenez eskoba eta mus txapelketa antolatu dira eta toka txapelketa ere izango da.
Haurrek ere izango dute bere txokoa. Ur jolasekin gozatu eta herri kiroletan haien trebezia erakutsi ahalko dute.
Gauen berriz, Ane Labaka, Unai Muñoa, Andoni Otamendi, Amaia Agirre eta Patxi Etxeberria bertsolariek saioa berezia eskainiko dute, eta auzoko lagunek aipatu digutenez, “haiek antolatutakoa”.
Jarraian, Gazte Rock gaua izango da ordu txikiak arte.
Dantza eta herri kirolak
Igandean, Kukuka-ren euskal dantza saioa, Aimar Irigoien harri jasotzailea eta herri kirolak eta, noski proba mistoa nagusia izango dira.
Jarraian, herri bazkaria antolatu dute eta EGAN taldeak girotuko du bazkal ostea.
Eta azkenik, gau aldean, Teresa sorgina traka handi batekin agurtuko dute.
Auzoko lagunek igandean denok baserritarrez jantzita joateko gonbita egiten diete lasarteoriatarrei.