Harmailak bete egin ziren gazte mailako Errealaren eta Bartzelonaren arteko neurketa ikusteko. Argazkia: realsociedad.com
Zubietako Jose Luis Orbegozo zelaian giro bikaina izan zen igande eguerdian Errealaren eta Bartzelonaren artean Gazte mailako errege kopako final laurdenetako lehen partiduan. Bartzelonaren aldeko emaitza garbia izan zen arren, Errealak erasora jokatu zuen hasieratik, eta kataluniarrak zain egon ziren kontraerasoren batean Errealaren atea zulatzeko. Errealeko jokalariek ez zuten asmatu, eta bai ordea Bartzelonakoek. 38. minutuan Dongou aurrelariak buruz gainditu zuen Bardaji herritarra eta Bartzelona aurretik jarri. Txuriurdinak jota utzi zituen gol honek eta bi minutura etorri zen bigarren kolpea, Eduk jaurtiketa indartsu batekin Bardaji gainditu zuenean.
Bigarren zatian saiatu ziren txuriurdinak, baina ez zuten atearen aurrean asmatu. Gainera, ondo ibili zen Bartzelonako atezaina, eta atzelariak, zelaian ondo kokatuta, 0-2 amaitu zen norgehiagoka. Bartzelonak pausu handi bat eman du beraz iaz lortutako Errege Kopa berriro altxatzeko. Partiduan egon zirenen ustez gehiago merezi izan zuen Errealak eta zaila badu ere saiatuko da datorren asteburuan Bartzelonan.