Lasarte-Oriako Musika Eskolako ikasleak ez dira aspertu azken hamabostaldian. Orio, Astigarraga eta Donostian izan dira ekimen desberdinetan.
Miren Etxenagusia zuzendariak aipatu digunez, maiatzak 12an, Orioko danbolin Musika Eskolak antolatutako Trikitixa eta pandero topaketan izan ziren ikasleak. Egun berean, Astigarragan, flautako ikasleek Flautako Topaketan parte hartu zuten. Era berean, hastapena taldeko ikasleek Grosen Olatu talka ekimenaren barruan egin zen kontzertu erraldoian izan ziren.
Musika eskolako zuzendariak gogoratu duenez, herriko beste elkarteekin batera lan egiten dute eta Ttakunek Udalaren laguntzaz antolatzen duen Udaberriko bertso saioan ere parte hartu zuten. Honetaz gain, lehengo ostegunean, maiatzaren 24ean, piano entzunaldia egon zela ere aipatu digu.
Hurrengo ekintzak
Baina Udal Musika eskolako zuzendariak azaldu digunez, ez dira ekintzak amaitu.
Kurtso amaierako kontzertuez gain, hauek ekainaren 19 eta 20an izango dira, hainbat ekimenetan parte hartuko dute ikasleek geratzen den hilabete honetan.
Honela, bihar gitarra entzunaldia eskainiko dute Manuel Lekuona kultur-etxean. Igandean, ekainaren 3an, trikitilari eta pandero joleak Andoainen izango dira Dantzari txiki egunean parte hartzen. Eta ekainaren 15 eta 21ean, piano entzunaldiak izango dira Manuel Lekuonan.
Aurrematrikula
Era berean, Udal Musika eskolak gogora arazten du, 2012-13 ikasturterako aurrematrikula egiteko epea irekia dagoela.
Haurrentzako txokoak, hizkuntza musikal, armonia, abesbatza, instrumentu ugari eta helduentzako taldea ere eskaintzen ditu herriko musika eskolak.
Plazaren eskaera egiteko unean, 40 eurotako zenbatekoa kontuan kargatuko da, plaza-eskaeraren kontzeptupean, eta dagokion matrikula egiteko unean deduzituko zaio kopuru hori. Plaza baten eskabidea egin eta gero matrikula gauzatzen ez duenak ez du ordaindutakoa berreskuratzeko eskubiderik izango. Kultura sailak gogora arazten du, derrigorrezkoa dela aurrematrikula egitea plaza izateko.
Aurrematrikula Manuel Lekuona Kultur-Etxean egiten da 09:00etatik 13:00etara eta azken eguna hurrengo ostirala, ekainaren 1a izango da. Matrikula garaia uztailaren 2tik 13ra izango da.
