Alebinen kirol sustapen jardunaldiak amaitu dira

Txintxarri Aldizkaria 2012ko maiatzaren 28a

Amaitu dira beste urte batez alebinentzat Udal kirol zerbitzuak urtero antolatzen dituen kirol sustapen jardunaldiak. Azaroa eta ekaina bitartean aritu dira kirol ezberdinak probatuz herriko hainbat gaztetxo eta Karlos Altuna udaleko kirol-teknikariaren hitzetan, herriko kirolari gazteei “denetariko kirolak” egiteko aukera bat ematea izan du xede. “Bestela egin ezingo lituzketen kirolak egiteko aukera ere eman nahi izan diegu, eskola kirolak edo klubek eskaini dezaketenaz gain”, adierazi zuen Altunak.
Denera 14 saio egin dituzte eta kirol ugari egiteko aukera eduki dute gaztetxoek, besteak beste, herri-kirolak, urpekaritza, pilota, softbol, arte martzialak, patinak, futbola, eskalada, kirol egokitua, waterpoloa, tenisa, hockeya, bizikleta, atletismoa... Bi monitoreren gidaritzapean aritu dira 25 bat haur programak iraun duen 6 hilabeteetan. Gusturen, urpekaritzan aritu zirela argi eta garbi utzi zuten denek.
Hala ere, bestelako helburu batzuk ere izan dituzte kirol sustapen jardunaldiek, euskararen erabilera bultzatzea kasu. Hori dela eta, euskaraz egin dituzte saio guztiak.
Azken saioan atletismoa landu zuten, jauziak, pisu jaurtiketa... eginez, baina berezi, urtero egiten den zozketak egin zuen berezi larunbateko saioa. Izan ere, bizikleta bat, patinak eta kometa bat jarri zituzten zozketan eta hiru gaztetxo irribarrea ezpainetan zutela bueltatu ziren etxera, euren opariak eskutan hartuta.