Herriarteko txapelketa hasi da

Txintxarri Aldizkaria 2012ko maiatzaren 28a

Herriarteko txapelketa hasi da beste urte batez, eta Lasarte-Oriari indarrak Donostiako taldearen aurka neurtzea egokitu zaio. Larunbat arratsaldean izan ziren kadete, jubenil eta senior mailako joaneko hiru partiduak Michelingo frontoian eta orain, itzulerakoak Atano III. pilotalekuan jokatu beharko dituzte.


Kadeteak ezinean
Ezin izan zuten ia ezertxo ere egin Aritz Solano eta Xabi Prieto herriko bikoteak donostiarren aurka. Erraztasunez gailendu zitzaizkien Julen Chiapusso eta Mikel Aranguren, 3-22ko emaitza argiaz.

Jubenilak zoragarri
Partidu bikaina jokatu zuten Axier Arteaga eta Ander Rekondo herritarrek. Nagusitasunez irabazi zioten Egoitz Labaka eta Imanol Cristobalek osatutako bikote donostiarrari.
Partidua borrokatua izan zen, landua eta Axier Arteagak aurrean bere dohainen berri eman zuen gantxo ederrak oparituz ikusleei.

Seniorrak bajaz beteta
Ezohiko bikotea atera behar izan zuen Jose Felix Solano hautatzaileak azken partiduan. Izan ere, azken orduko lesio eta gaixotasunak tarteko, Jon Pello Artetxe eta Gorka Mendizabal bikoteak jokatu behar izan baitzuen. Bi aurrelariz osatutako bikotea beraz.
Emaitza noski, ez zen batere ona izan, baina aipagarria izan zen oso Mendizabalek atzelari lanetan eginiko lana. Iker Urmeneta eta Xabi Ortiz de Urbina donostiarrak erraz gailendu ziren, 7-22.