Hamabostaldiaren balorazio positiboa egin du Kukukak. Dantza eta antzerki eskolakoek euren lana erakusteko aukera izan dute hamabost egunetan eta orokorrean dena ondo atera dela azpimarratu nahi izan dute.
Parte hartzea oso handia izan da eta ia 4.000 ikusle izan dira Manuel Lekuonatik pasa direnak. Horretaz gain, lehen urtea izan da goizeko ikuskizunak eskoletan egiten direla eta "nahiz eta pozgarria eta polita izan antzerkia eta dantza beste esparru batzuetara eramatearena", Enara Ieregik "oztopo teknikoak" izan direla azaldu du eta datorren urterako landu beharreko gaia izango dela aurreratu du. Hala ere, eskoletan ere harrera oso ona izan dela azpimarratu du.
Larunbateko jaialdiari dagokionez, desfilean Trikihotsen musika zuzenean izatea eskertu dute, izan ere, "marea berdea" inoiz baino politagoa izan zen eta oso alaia eta dibertigarria "herriko jendeak disfrutatzen ikusi gintuen". Bazkari herrikoian parte hartzeko txartelak oso azkar saldu ziren eta orokorrean herritarrek aktiboki parte hartu zuten eskolaren urteurren festa handian eta hori eskertu nahi izan dute.
Ekintza berezi gehiago
X.urteurrena dela eta ekintza desberdinak antolatu ditu Kukukak azken hilabeteotan eta Kontxu Iartzaren hitzetan oso harrera ona izan dute, "oso pozik gaude". Hurrengo hitzordua Oreka TX-rekin batera egingo den ikuskizuna izango da larunbatean, ekainak 2, eta honetarako sarrerak salgai daude dagoeneko. Ekainaren 5ean Dorleta Urretabizkaia aktorearekin saio berezia egingo dutela aurreratu dute ere.
