Datorrena datorrela!

unai-munoa 2012ko ekainaren 1a

Behin irakurri nuen konponezinak diruditen arazoz mozorrotuta iristen direla aukera onenak; hazteko, garatzeko, aldatzeko… eta Doctor Deseo-ko abeslariari entzun nion, inork ezin dituela bere arazoak aukeratu, baina berauekin zer egin erabaki bai. Beraz, gakoa ez da hainbeste zer gertatzen zaigun, nola erantzuten dugun baizik.
Bizi izan dugun ongi-izate maila denbora luze batean ez da errepikatuko, eta bulego ezkutuetan antolatua dirudien krisi honek garai gogorrak aurreikusten ditu, baina nork dio ez dela mesede izango?
Beldurra da kontrol eta manipulaziorako bitartekorik eraginkorrena, eta ondo dakite hori kutsadura mediatiko hau zabaltzen ari direnek. Izututa nahi gaituzte, zertarako baina? Erabil errazagoak izan gaitezen, agian? Horrenbeste izerdi eta odol tanta isuri ondoren lortutako eskubideak baliogabetu asmotan, akaso?
Dena dela, izan behar dena izango da, eta dena dela, aukera on bat izan daiteke. Bizimodu konpetitibo eta kapitalista basati honek eraman gaitu antsietatera, depresiora, minbizira… Gure balore sistema birplanteatzeko eta norabidea aldatzeko baliatu bagenezake, ez da mesede makala izango.
Hortzak erakusteko garaiak dira. Zoritxarrez, beldurrean eta immobilismoan erori garela dirudi, ordea, eta noraezean goaz korrontearekin batera. Zaila da baikorra izaten, edo ez da hain zaila? Negar egitekoa bada ere, txiste bat gogoratu dut: Ezkorrak baikorrari - Dagoeneko egoerak ezin dik beltzagoa izan! Eta baikorrak erantzun - bai motel! Izan zitekek, noski baietz!