PSOEren ustez urtebete galdu du Lasarte-Oriak

Txintxarri 2012ko ekainaren 1a

Lasarte-Oriarentzat atzerapausoa izan da ekainaren 11n Pablo Barrio alkate izendatu zutenetik pasatutako urtea, Udalean PSE-EEk duen Jesus Zaballos bozeramailearentzat. Bere iritziz ez da kudeaketarik egon eta argi ikusi da udal agintarien ezintasun eta ezjakintasuna. “Hau larriagoa da gainera kontuan izanez gero agintean dauden hiru alderdiek gehiengoa dutela eta erabakiak hartzeko eragozpenik ez daukatela” esan du prentsaren aurrean.

Udal agintarien geldotasuna eta gardentasun falta salatu ditu PSE-EEk prentsaren aurrean
Udaletxe berria edo Gaztelekua jarri ditu adibide Jesus Zaballosek, bi eraikinak bukatuta baina hutsik daudela nabarmenduz, “altzariak erosteko gai ez direlako”. Okendoko aparkalekuari ere aipamen berezia egin dio Zaballosek, "herriko arazo handiena", aparkalekuena delako, eta aparkalekuak alokairuan jarrita, Udalak diru-sarrerak izango zituela salatuz: “Kudeaketa txarrarengatik dirua galtzen ari dira”.
Udal agintarien geldotasuna ere salatu du aurrekontuak egiteko urtebete behar izan dutelako. Udalaren ezintasuna eta koherentzia falta ere kritikatu ditu, “ezintasuna kanpoko enpresa batek egin dituelako aurrekontuak, lehenengo aldiz Udala sortu zenetik, eta koherentzia falta gastuak murrizten eta dirua aurrezten ari direla esan bai, baina gero ez dutelako udal langileengan konfiantzarik eta kanpokoak kontratatzen dituztelako. Despilfarroaren politika darabilte, aurrekontuan gastuak azken bost urtetako handienak dira” Zaballosek azaldu duenez.
Udala geldi dagoela esan du Zaballosek behin eta berriro, babestutako etxebizitzak egiteko ezer ez dela egin, ezta industrialdeak jartzeko ere eta beste proiektu batzuek arriskuan jarri direla: “40 lanpostu eta kanpoko igerilekua erabiltzeko aukera emango dituelako herriarentzat hain garrantzitsua den Hotelarena adibidez”.
Gainera, Udalaren gardentasun eta informazio falta salatu du Zaballosek: “Batzordetan jada egindako gauzan eta erabakien berri ematen da, ez da eztabaidatzen. Batzarretan galdetu arren ez dute erantzuten eta ez digute eskatutako informazioa ematen. Urte bete daramagu alkateak sinatutako dekretuak eskatzen eta ez dugu kopiarik”. Zaballosen iritziz gobernuko kideek herritarren parte hartzearen alde daudela saldu nahi dute, baina gero Udalean ez dago horrelakorik. “Ez dute beste alderdiekin eta batez ere PSE-EErekin akordiorik nahi. Hauteskundeetan boto gehiena eskuratu zuela ahaztu eta gure ahotsa isildu nahi dute. Batzarretan eskua luzatu diegu eta mespretxatu egiten dute”.
Beraz, Jesus Zaballosek adierazi duenez galdutako urtea izan da: “Udal Gobernuak ez daki, ez du erantzuten, ez du egiten ezta egiten usten ere.