Larunbatean, maiatzaren 26an, Richard Oribe sarian bigarren postua, Espainiako txapelketarako gutxieneko berri bat eta 11 marka pertsonal egin zituzten Borja Apeztegiaren mutil eta neskek.
Entrenatzaileak azaldu digunez, bederatzi igerilari izan ziren eta guztiek proba batean behintzat markak hobetzea lortu zuten.
“Marka pertsonal kopurua handia izan da eta horrek bakoitzaren helburuak lortzeko bide egokian goazela sinesten laguntzen du,” aipatu digu.
Domina eta markak
Iñigo Ibarburuk izan zen txapelketa honetan emaitza hoberenak lortu zituena.
100 m. tximeleta proban aurretik zuen marka bi segundo eta erdian hobetzea lortu zuen, 1’02”21. Eta marka honekin Sariko bigarren postua eta zilarrezko domina lortu zituen.
Gainera, igerileku luzeko Espainiako txapelketarako marka gutxienekoa egin zuen eta honekin Estatuko txapelketan lau probatan izango da lasarteoriatar gazteak.
Era berean, arestian aipatu bezala, taldeko guztiek markak hobetu zituzten.
Mikel Esnal 50 m. bizkar proban jaitsi zuen bere marka.
Mikel Arribillagak, 100 m. bular proban marka egin zuen eta 50 m. bizkar proban bere markatik gertu geratu zen.
Haitz Mitxelenak 100 m. tximeleta eta Kevin Iglesiasek 50 m. libre proban hobetu zuten haien marka.
Mikel Sotok bi probetan lortu bere marka hobetzea, 100 m. bular proban eta 200 m. libreetan.
Eta Itsaso Tolosak, Naiara Lizasok eta Garazi Alkortak 50 m. libreetan hobetu zituzten markak.
Bidasoako Jaitsiera
Bestalde, Juan Vicente Martin masterra Bidasoako Nazioarteko jaitsieran izan zen.
7,7 kilometroko proba honetan emaitza paregabeak lortu zituen. Bere kategorian bigarren eta sailkapen orokorrean hirugarren izan zen.
Borja Apeztegiak azaldu digunez, Juan Vicente Euskadiko Luzera Handiko Ligako probatan parte hartzen ari da. Kontxako Zeharkaldian bigarren postua lortu zuen eta proba honetako emaitzarekin Ligako sailkapenean aurreko postuetan jarri da.
Eskolarteko Jokoak
Era berean, Ainara Garcia gaztea Zarautzen izan zen, Gipuzkoako Selekzioarekin Euskadiko Eskolarteko Jokoetan parte hartzen.
“Esperientzia berria berarentzat eta bikain aritu zen,” aipatu du Buruntzaldea IKT-ko entrenatzaileak.
Izan ere, 100 eta 200 m. bular probetan lehiatu zen eta bietan laugarren postuan amaitu zuen. 200 bular proban gainera, bere marka 5 segundotan jaistea lortu zuen gazteak.
