Kirolez kirol ibili da herria ekaineko lehen asteburuan

jon-altuna-egitegi 2012ko ekainaren 4a

Eguraldi ona agertzearekin batera, jendea kirola egitera animatu ohi da. Baina bada urte osoan zehar, bere burua zaintzen ibiltzen denik ere. Horiek dira kirolariak, horiexek dakite euripean eta hotzez entrenatzea zer den eta askorentzat, udara deskantsurako momentua izan ohi da eta ondorioz, euren denboraldiak amaitzen ari dira. Asteburu honetan, kirol ezberdin asko izan ditugu ikusgai herrian, eskola kirolaren festa handia Michelinen, Udarako V. Igeriketa txapelketa kiroldegian, Beltzak errugbi taldearen urte amaierako partidua edota Buruntzaldeako areto-futbol txapelketako finala besteak beste.

Bete-bete eginda etorri zaigu ekaineko lehen asteburua kirolari dagokionez behintzat. Pozgarria da hori, ondo erakusten duelako herri honetan kirolerako dagoen grina eta gogoa. Gainera, azken boladan emaitzak ere alde dituzte herritarrek eta halakoetan atera behar izaten da zukua, momentu txarretan zaila izaten da eta.

Buenetxea, txapeldun
Buruntzaldeko Udal Kirol Zerbitzuek eremuko bigarren areto-futbol txapelketa antolatu dute. Usurbil, Urnieta, Andoain eta Lasarte-Oriako talde onenak elkarren aurka aritu dira kanporaketa moduko txapelketan.

Finalera Lasarte-Oriako Buenetxea taberna eta Pinturas Aure andoaindarrak iritsi ziren. Partidua polita izan zen, bizia eta gol askokoa gainera. Ondo sufrituta izan bazen ere, azkenean herritarrak 3-2ko emaitzaz gailendu ziren larunbatean kiroldegian jokatutako partiduan.

Partidua 1-0 hasi zen irabazten etxeko taldea, ondoren andoaindarrek banako berdinketa jarri zuten eta horrela amaitu zen lehen zatia. Bigarren zatian, Buenetxeak berriro gola sartu zuen, baina pozak gutxi iraun zion binako berdinketa berehala sartu baitzuen Pinturas Aure taldeak.

Azken txanpan, motibazioa eta amorrua gainezka zutela, herriko taldeak garaipenaren gola sartu zuen amaierarako oso gutxi geratzen zela.

Buenetxea taberna momentu gozoa ari da igarotzen, oraintsu Ostadar SKT-k antolatutako XIX. Areto Futbol txapelketa bereganatu baitu.

Herriartekotik kanpo
Berri txarrak etorri zitzaizkigun Atano III. donostiako pilotaleku historikotik. Izan ere, Lasarte-Oriak ezin izan baitzuen aurreko astean Donostiaren aurka kontran jarri zitzaion kanporaketa irauli.
Ondorioz, kanpoan geratu dira txapelketa hasi bezain pronto. Ea hurrengo urtean zorte gehiago duten.

Atletismoan lehiaketak
Igandean, alebin eta infantil mailako proba konbinatuetako Gipuzkoako txapelketa jokatu zen Michelingo atletismoko pistan.

Bertan, 80 atleta aritu ziren guztira, maila bakoitzeko 20 mutil eta 20 neska. Landaberriko gaztetxoek ere euren dohainak herritarren aurrean erakusteko aukera paregabea izan zuten eta proba txukunak burutu zituzten denek.

Alebinek hiru proba egin behar izan zituzten, pisu-jaurtiketa, luzera jauzia eta 60 metro lauak. Infantilek berriz, 80 metro lauak, 80 metro hesidunak, luzera jauzia eta pisu-jaurtiketa.
Antolaketa lanetan LOKEko atletismo saileko neska-mutilak aritu ziren eta eguraldia oso atsegina ez bazegoen ere, bi domina ateratzea lortu zuten behintzat.

Errugbi denboraldi amaiera
Beltzak-Ostadar errugbi taldeak igande goizean esan zion adio 2011-2012 denboraldiari.

Horretarako, guraso eta jokalarien arteko partidu bat antolatu zuten Michelingo berdegunean. Manu Pelaez Beltzak-eko kideak azaldu digunez, “geroz eta jende gehiago” animatzen omen da errugbia egitera bai Lasarte-Orian baita Gipuzkoan ere.

Hori dela eta, hurrengo urtean errugbirako zelaia izatekotan, kadeteen taldea ateratzeko asmoa dutela esan du.

Orain arte benjaminetatik hasita infantiletara arte izan dituzte taldeak eta azken honetan, bi multzotan banatzen ziren. Batetik, talde propio federatu bat dute eta bestetik, Zarautzeko hainbat jokalarirekin taldea erdi eta erdi osatzen dute.

Eskola-kirolean hurrengo urtean eskaintza mantentzea gustatuko litzaiekela azaldu du. “Ahal dugun guztian laguntzeko prest gaude errugbia ezagutzera eman dadin eta umeek ondo pasa dezaten”, baieztatu du.

Bestalde, igandeko partidua amaitu ostean errugbian oso ohikoa den “Hirugarren denbora” jokatzera joan ziren Udaberri elkartera. Hirugarren denbora delakoa, errugbilariek partidua amaitu ostean egiten dutena da. Elkarren aurka borrokan eta lehian ibili ostean, elkarrekin hamaiketako bat egitera edota zerbeza batzuk hartzera joaten baitira, eta Beltzak-ekoek ez dute aukera galdu nahi izan.

Igeriketan txapelketa herrian
Buruntzaldea IKT-k parte-hartzeko ibilbideko Gipuzkoako Udarako V. saria antolatu zuen larunbatean kiroldegian.

Goiz eta arratsaldean aritu ziren 100 bat igerilari inguru eta Gipuzkoa osotik etorritako 12 klub nor baino nor.

Buruntzaldea IKT-ren helburua proba honetan antolakuntza lanetan aritu eta igeri egin behar zuten masterrek ahalik eta proba txukunenak osatzea zen eta esan daiteke asteburu biribila atera zaiela. Izan ere, eurek igerilari gehienak errendimendu mailan dauzkate, ez parte-hartze mailan eta asteburuko txapelketa bigarren multzo horretakoa zen.

Igerian hiru master aritu ziren. Pili Bodegas, Yoli Pastor eta Gorka Fernandez. Gustura mintzo zen Gorka Apeztegia enterantzailea: “Oso gustura nago asteburuak eman duenarekin, antolakuntzan primeran moldatu gara, kanpotik zetoztenei harrera egiten aritu gara eta denak oso gustura egon direla uste dut. Gainera, konpetitu duten masterrek euren denborak jaitsi dituzte, ezin da gehiago eskatu”.

Eskola-kirolaren festa
Sekulako festa antolatu zuten larunbat goizean eskola-kirolean urte osoan zehar aritu diren gaztetxoek.
Michelingo kirolguneko instalakuntzak erabilita, errugbian, saskibaloiean, futbolean, sokatiran, lokotxetan, gizon-probetan, luzera jauzian, pisu-jaurtiketan... ibili ziren denak, alai.
Guztira 120 bat gazte bildu ziren, 50 bat LH1 eta LH2koak, beste horrenbeste benjamin eta alebin eta azkenik, 20 bat infantil hurbildu ziren.

Michelingo kirolgunean eginiko festa handi batekin amaitu zuten eskola-kirol denboraldia. Datorren urtean Eskola Kirolean izena eman nahi duenak, ikastetxeetan banatuko den inprimakia bete eta ikastetxean bertan entregatu beharko du ekainaren 8a baino lehen. Hurrengo urtean ere, aurten arrakasta handia izan duten abentura kirola edota erritmo eta gorputz adierazpen saioak izango dira Lasarte-Oriako gaztetxoentzat.


Guzti horiek taldetxotan antolatu zituzten, eta kirol bakoitzean jarduteko denbora zazpi minutukoa zen. Ondoren, kirolez aldatzen zuten aukeran zeuden kirol guztiak probatzeko.
Jardunaldia amaitzean, opari-banaketa egin zuten eta ez zen Errealak utzitako boligrafo eta banderarik falta izan, ez eta janaria, ura, patata frijitu poltsak, karameluak, Coca-Colak...

Ikasturtearen balorazioa
Amaitu da honenbestez eskola-kirol denboraldia aurtengoz eta Gorka Segurola eta Aitzol Zerainek “balorazio positiboa” egiten dute urteak eman duenaz. Haiek azaldu dutenez, guztira 40 begirale eta 300 umetik gora aritu dira ikasturte osoan zehar.

“Gaztetxoei gehien gustatu ziena abentura kirola izan da, eta izan duen harrera ikusita, hurrengo urtean berriro egiteko asmoa daukagu, bestela egingo ez lituzketen kirolak egiteko aukera ematen baitiegu, besteak beste, eskalada, surfa, piragua, mendi-bizikleta... Oso gustura etortzen dira saio hauetara”, azaldu dute Zerain eta Segurolak.

Izen-ematea irekita
Urrian hasiko dira ostera eskola-kirolarekin eta bitartean, izena emateko aukera daukate gaztetxoek ekainaren 8a baino lehen.

Horretarako, ikastetxeetan izen-emate orri bana banatuko zaio ikasle bakoitzari. Etxean datu guztiak bete eta eskolara eraman beharko dute bueltan, eta han entregatu.