Dantzari Txiki egunean gertatutakoa dela eta

Txintxarri 2012ko ekainaren 4a

Lasarte-Oriako Udalak aurreko Igandean pasatakoaren inguruan zenbait argibide eman nahi ditu:
Dakizuenez Igandean dantzari txiki eguna ospatu zen eta Okendo plazan beraien dantza emanaldia egin zuten. Bertan, ikusi zen irudia ez zen batere ona izan, dantzako arduradunak eta boluntarioak emanaldiaren aurretik erratza pasatzen ikusi baikenituen.

Beraz, azalpenen aurretik barkamena eskatu nahiko genieke igande honetan beren saio normaltasun osoz egiterik izan ez zuten dantzari eta zaletuei.

Gertaera hauek argitzeko, hala ere, denboran atzerago joan beharra dago. Jasandako krisia eta diru sarreren murrizketa dela eta 2010eko urtarrilaren 1ean Gobernu Batzarrean igande eta jai egunetan garbiketa eteteko erabakia hartu zen. Ondoren, 2011ko urtarriletik aurrera bi salbuespen ezarri ziren: urtarrilak 1 eta abenduak 25. Geroago, salbuespen gehiago ere ezarri ziren eta gaur egun ondorengo jai egunetan garbitzen da: otsailak 19 inauteriak, apirilak 6 eta 9 aste santua, uztailak 1 San Pedro jaiak, uztailak 22 artisau azoka, urriak 21 euskararen maratoia, urriak 28 Ostadarren krosa, ekainak 3 Zabaletako jaiak eta gainera 3 egun gehiagotan zerbitzua emateko aukera du.

Baina noski, hainbat ekimen ez dira burutzen data ohietan eta ondorioz plaza zikina egoten da eta arazo honi aurre egiteko, momentuko neurri bereziak hartu behar izaten dira.

Aste bukaera honetan, Kukukak bere X.urteurrena ospatzen zuen eta Ostadarreko erregionalak mailaz igotzea lortu zuen ikaragarrizko festa bihurtuz larunbata. Eta beraz, igandean plaza inoiz baina zikinago zegoen eta ez zegoen inor garbiketa lanak egiteko.

Hau dena azalduta, Udalak garbi du ekintza kulturalez beteriko aste bukaera honetan aurreikuspen falta izan duela eta dantzari txiki egunerako modu honetako beste edozein ekimenetarako bezala plazak garbituta egon behar zuela.

Hala ere, aste honetan Udalean burutu den hausnarketa hau baino sakonagoa izan da. Garbiketaren arazoa auzoz auzoko bileretan ere herritarren artean oso garrantzizkotzat jo baizen eta gaia tratatzen hasita baitzegoen.

Lehengo eta behin, parte hartze batzordean lanean ari dira auzoz auzokoaren lehengo bi pausuen ondoren, 3.pausu batean garbiketaren gaia lantzeko bere aspektu guztietan. Horrek irailetik aurrera lanketa garrantzitsu bat izango du helburutzat eta garbiketaren arazoari bere osotasunean konponbidea ematen saiatuko da.

Bestetik, momentu honetan zenbait neurri hartuko ditu Udalak Okendo plazako eta askatasunaren parkeko garbitasuna zaintzeko:

-Udala igandetako garbiketaren inguruan FCC enpresarekin elkarlanean ari da irtenbide egoki bat emateko.

-Askatasuna parkeko belarra moztuko da hurrengo astean, nahiz eta oraindik Udalaren jabetza ez izan, beharrezkoa iruditzen zaigulako. Azken finean, irudi txukun batek jokaera txukunak bultzatzen baititu.

-Plazan koloretako zaborrontziak jarriko dira, segur aski uztailean. Herritarrak birziklatzearen beharraz kontzientziatu nahi ditugu eta modu honetan plaza garbiago mantendu.

-Bai plazan nahiz askatasunaren parkean azalpen panelak jarriko dira. GARBIA EZ DA ASKO GARBITZEN DUENA, ZIKINTZEN EZ DUENA BAIZIK kanpainarekin bat. Denon esku baitago, gure ingurua garbi mantentzea eta zaintzea.

Honela bada, barkatu eragozpenak eta hemendik aurrera denon artean arazo hau konpontzen saiatuko gara.