San Pedro Jaietarako kartela aukeratu da

Txintxarri Aldizkaria 2012ko ekainaren 7a

Uxune Iparragirre Argandoñak aurkeztutako lana izan da irabazlea. Herriko jaietako kartela hautatzeko lehiaketa antolatu zuen udalak eta aurkeztutako guztien artean herritarrei bozka emateko aukera luzatu zitzaien ere. Gainera V. Musika Maketa lehiaketako irabazleak ere jakin dira. Taxio Arrizabalaga "oso pozik" lehiaketek izandako harrerarekin.

Dagoneko San Pedro Jaiak iragartzeko kartela hautatu da. Udalak lehiaketa martxan jarri zuen lehen urtez orain hilabete eta aurkeztutako lan guztien artean herritarrei hoberena hautatzeko aukera luzatu zien. Azkenean Uxune Iparragirre herriko gaztearen lanak eskuratu du lehen saria. "Herritarrek bi kartel bozkatu zituzten gehien eta bi hauek batzordera eraman eta irabazlea bertan aukeratu genuen".

Bestalde, V. Musika Maketa lehiaketako irabazleak ere jakin dira, aurtengoan lehen saria La sociedad de los Tercos Malagako taldearentzat izan da eta Lasarte-Oria saria berriz, Hilotz-ek eskuratu du. Taxio Arrizabalagak batzorde buruak, lehiaketak izandako parte hartze handia azpimarratu du "84 maketa jaso ditugu eta oso kalitate onekoak denak". Hauen artean hiru izan dira Lasarte-Oriakoak. "Oso pozik gaude lehiaketa biek izandako harrerarekin".