2012 urteko aurrekontuak prest

Txintxarri Aldizkaria 2012ko ekainaren 7a

Estitxu Alkorta ogasuneko zinegotziak 2012 urteko aurrekontuak Ogasun batzordean aurkeztu direla jakin arazi du hedabideei bidalitako ohar batean. “Hiru urtean onetsiko diren lehendabiziko aurrekontuak dira, baita agintaldi honetako lehenak,” aipatzen du. Orain, Udalbatzarrak onartu beharko ditu hauek martxan jartzeko.

Hurrengo astean, Udalbatzarrak onetsi beharko ditu aurrekontuak.
Ogasun sailak 23.406.332,38 eurotako aurrekontua aurkeztu du, 2008an onetsitakoan baino %43,32 gutxiago. Horietatik 2.328.316,95 euro inbertsioetarako izango da.
Oharrean aipatzen denez, aurrekontuetan 720.784,85 eurotako superabita dago eta honi esker, “iazko emaitza negatiboa orekatzea lortuko da”.

Izaera murriztailea

Gauzak honela, aurtengo aurrekontuek izaera murriztailea dutela azaltzen du ogasun saileko arduradunak, “diru sarreren eta gastuen arteko diferentzialetik sortutako aurrezki netoak urriak baldintzatzen du”. Honen ondorioz, Udalaren inbertitzeko gaitasuna murritza dela onartzen du.
Gainera, beste erakundeek, hala nola, Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreikusitako dirurik biltzen ez badute udaletarako laguntzak ere mugatuko direla aipatzen du. Eta, Lasarte-Oriako Udalak hirigintza garapeneko diru-sarrerak urriak direla jakitera ematen du.
Honela herritarrek arazoa ekonomiko horri aurre egin ez diezaioten, Udalak alferrikako gastuak kendu, baliabideak optimizatu eta urgentziazko eta premiazko inbertsioak bakarrik egin dituela aurreratu du.