Danborraren erakusketa ikusteko azken eguna gaur ostirala

Txintxarri Aldizkaria 2012ko ekainaren 7a

Gaur, ostirala danborradaren inguruko argazki erakusketa ikusteko azken eguna izango da. Hau Manuel Lekuona Kultur etxean dago ikusgai 18:00tatik 21:00etara.

Lasarte-Oriako danborrada 1947. urtean atera zen lehenengoz. Ordutik, geroz eta herritar gehiago dira honetan parte hartzen dutenak. Ibilbide luze hau gogoratzeko, Manuel Lekuonan erakusketa izan da azken asteetan. Argazki erakusketa osatzeko herritarren laguntza izan dute antolatzaileek eta asko izan dira jasotako argazki zaharrak.

Danborrada 1947. urtean sortu zen Jose Antonio Muruguzak, elizako abesbatzaren zuzendari zenak musikarekiko zuen zaletasunak bultzatuta. Hasierako urteetan Lasarte Oriako danborradak, diru arazoak tarteko, trajeak, danborrak eta kupelak alokatu behar izaten zituzten. 1994. urtetik Lasarte Oriako Udalaren laguntza ere izan du danborradak eta materiala erosi ahal izan zen. Egungo jantziak desberdinak dira eta danborjoleen kasuan, Priseko Musee de L'Armée museoan jasota dauden jantzien erreplika dira.