Ofizialki, LOKE Lasarte-Oria Kirol Elkartea 1987ko abenduaren 5ean sortu zen, 25 urte beteko ditu beraz aurten Klubak. Futbol elkarte bezala sortu zen, baina bizpahiru urtean martxan egon ondoren utzi egin zuten. Oraingo zuzendaritzakoak 1995an hartu zuten kluba, Michelingo kirol eta kultur elkartea desegin zenean. Enpesak kirol instalakuntzak Udalaren esku utzi eta elkartea desagertzean, bertan zeramaten martxari eusteko eta kirolariek babesik gabe ez uzteko Lasarte-Oria izenarekin Kirol Elkartea sortzea erabaki zuten.
Jaurlaritzari estatutuak bidali eta eskaera egitean konturatu ziren, klub hori bazela Lasarte-Orian. “Gu Michelinen aritzen ginen eta ez genuen LOKEren berririk, beraz klubaren azken zuzendaritzaren informazioa eskatu, hauekin elkartu, batzar orokorra egin eta estatutuak eguneratu genituen. Futbol talde bat izatetik, jarduera nagusia atletismoa izatera pasa zen. Herri gutxitan dago gainera horrelakorik. Gainera, atletismoarekin batera Michelinen ziren beste zortzi kirol sail edo atalak eta hauetan ari ziren monitoreak klub berrira joan ziren”. Oraindik tenis, mahai tenis, atletismo, judo eta gimnasia erritmikoak segitzen dute, padel saila sortzekoak dira eta igeriketak, saskibaloiak, futbolak edota txirrindularitzak pisua galdu dute.
