Kate berdea osatu zuten Kukukakoek maiatzaren 26an. Goizean zehar herriko kaleetan zuzeneko musikaz eta koreografia alaiaz disfrutatu genuen. Aurreko egunetan kultur etxeko agertokia ere bete zuten ehundaka lagunek ikasturtean zehar landutakoa eta ikasitakoa kanporatzeko asmoz. Gozamen hutsa izan da hainbeste sormen lana eta ahalegina oholtza gainean ikustea; hainbeste alaitasun eta naturaltasun. Dibertitzeaz gain (eta hori jada asko da), antzerkigintzak edota dantzagintzak dituzten bestelako onurak behin eta berriz gogorazi dizkigute Kukukakoek: taldeka lan egiten ikastea, sormena garatzea, lotsa gainditzen joatea, norberaren gorputzak dituen aukeraz ohartzea, lagun berriak egitea, hizkuntza aberastea, ondo pasatzea, etabar luze bat.
Aurtengo partaidetza ikusita, argi dago era askotako pertsonak erakartzen dituela Kukukaren eskaintzak. Desfile egunean, Okendo plazan, herritarrez osatutako kate berdeari begira lagun batek zera esan zidan harriduraz: “espero ez nuen jendea topatu dut desfilean. Sorpresa atsegina izan da”. Halaxe da, aniztasuna da nagusi herriko antzerki eta dantza taldeetan, batez ere adinez, formazioz, neurri batean ere jatorriz. Baina beste zerbaitek ere deitu dit arreta: espero daitekeenaren hutsuneak. Herrigintzan oinarritutako proiektua bada, non daude mutikoak eta gizonak? Kulturaren onurak ez al dira denontzako onurak? Esango nuke badugula zer hausnartu, denok, herritar orok… kate berdea ahalik eta luzeena izan dadin.