“Txapeldun bat garesti ateratzen da”

jon-altuna-iza 2012ko ekainaren 8a

25 urte beteko ditu aurten LOKE Lasarte-Oria Kirol Elkarteak eta igandean, ekainaren 10ean, ikasturte amaierako erakustaldi eta ospakizuna berezia izango da aurten. Goizeko 10etan hasita, aldi berean tenis, mahai tenis, atletismo, judo eta gimnasia erritmiko erakustaldiak egingo dituzte LOKEko kirolariek Michelingo kiroldegian, elkartearen ibilbidea biltzen duen erakusketa ere jarriko da bertan eta ondoren urte hauetan Klubarekin hartuemana izan dutenek eta gaur egun bertan ari direnek elkarrekin ospatuko dute urteurrena Aginaga Sagardotegian bazkalduz.

Ofizialki, LOKE Lasarte-Oria Kirol Elkartea 1987ko abenduaren 5ean sortu zen, 25 urte beteko ditu beraz aurten Klubak. Futbol elkarte bezala sortu zen, baina bizpahiru urtean martxan egon ondoren utzi egin zuten. Oraingo zuzendaritzakoak 1995an hartu zuten kluba, Michelingo kirol eta kultur elkartea desegin zenean. Enpesak kirol instalakuntzak Udalaren esku utzi eta elkartea desagertzean, bertan zeramaten martxari eusteko eta kirolariek babesik gabe ez uzteko Lasarte-Oria izenarekin Kirol Elkartea sortzea erabaki zuten.

Jaurlaritzari estatutuak bidali eta eskaera egitean konturatu ziren, klub hori bazela Lasarte-Orian. “Gu Michelinen aritzen ginen eta ez genuen LOKEren berririk, beraz klubaren azken zuzendaritzaren informazioa eskatu, hauekin elkartu, batzar orokorra egin eta estatutuak eguneratu genituen. Futbol talde bat izatetik, jarduera nagusia atletismoa izatera pasa zen. Herri gutxitan dago gainera horrelakorik. Gainera, atletismoarekin batera Michelinen ziren beste zortzi kirol sail edo atalak eta hauetan ari ziren monitoreak klub berrira joan ziren”. Oraindik tenis, mahai tenis, atletismo, judo eta gimnasia erritmikoak segitzen dute, padel saila sortzekoak dira eta igeriketak, saskibaloiak, futbolak edota txirrindularitzak pisua galdu dute.

Momentu tristeak ere egon dira. Bat Eneko Castroren heriotza


25 urte hauetan zein izan da unerik pozgarriena?
Momentu gorena 2007-2008an izan genuen, 13. aldiz antolatu genuen nazioarteko Mahai Tenis Torneoa, eta 5. aldiz, Hiri-Milia lasterketa. Antolaketa mailan horiek izan ziren garrantzitsuenak. Korrikalari ezagunak etortzen ziren, eta Mahai Teniseko jokalari oso onak ere bai. Baina aurrekontua 25.000 eurora iritsi zenean utzi egin genuen. 2008tik aurrera, krisia iritsi zen, Michelinek izan ezik beste babesleek utzi egin gaituzte, baina atleta eta mahai-tenis jokalarien diru saria ez zen jaitsi. Ezin zitekeen segi, ezin gara hipotekatu. Baina, bestalde, onak dira sail ezberdinetako emaitzak eta pozik gaude.
Momentu tristeak ere egon dira. Bat Eneko Castroren heriotza izan zen. Presidente-ordea izan da bere aita baina pixkanaka uzten ari da.

Dena den, kirolarien markez gain, azpimarratzekoa da kirolean jarduteko zuen eskaintza, herritarrei emandako aukera, ezta?
Bai noski. Hori da oinarrizkoa. Klubeko atalak txikiak dira, minoritarioak, beste klubetan ez daudenak. Futbolean on-onak ez diren gazteak ez ditugu kalean utziko. Judoan batez ere emaitza oso onak izan ditugu. Gainera batzuetan atleta edo gimnasta onak atera eta beste klub batetara joaten dira.

Zenbat lagun zabiltzate zuzendaritzan?
Zortzi gabiltza zuzendaritzan, lehendakaria, ordea, diruzaina, kalitatearen arduraduna eta atal bakoitzeko arduradun bat, denak musu truk lanean. Gainera, atal bakoitza auto finantzatzen da. Hori da gure ustez, klubak duen gauza onenetarikoa. Ez dugu dirurik, baina ez dugu zorrik ere. Zuzendaritza saiatuko da babesleak bilatzen eta sos horiek denen artean banatuko dira, baina gero atal bakoitzak daukana erabiliko du. Gainean egon behar da, ardura klubarena delako baina atal bakoitzak autonomia du eta dirua lortzen badu, gurasoek gutxiago ordainduko dute kuotatan.

Kalitate arduraduna daukazue, beraz?
Bai kalitate sistema bat dauka klubak. Foru Aldundiak prestatu gintuen hiru urtetan zehar, 2004, 2005 eta 2006an. Ez dago horrelakorik beste klubetan. Hain juxtu, horretan ari den Alberto Sarasak Michelin lantokian ere kalitatearen ardura zuen.

Zenbat kirolari dira Klubean?
Jaitsi egin da, baina guztira urte hauetan 6.500 lagun izan dira Klubeko atal ezberdinetan, eskola kirolean beste 4.350 eta antolatutako torneo eta abarretan beste 10.000 baino gehiago, beraz, gutxi gorabehera, guztira 25.000 kirolari aritu dira LOKE inguruan. Bazkideak bataz beste 300 bat ditugu. Gehiena 600 bat izan genituen. Urtero 400 kirolarirekin gabiltza lanean, askoz gehiago ere ezin ditugu hartu daukagun monitore eta instalakuntza kopuruarekin. Udalarekin eta ikastetxeekin hitzarmenak egin ditugu kirola bultzatzeko.

Klub asko daude Lasarte-Orian...
Bai, baina ez dira bata bestearen arloan sartzen. Igeriketan adibidez, bi klub gauza berean ari zirela ikustean, batak edo besteak jarraitzeko erabakia hartu zen. Tenisean daukagu soilik saila bi elkartek, Ostadarrek eta LOKEk.

Hartueman normalak ditugu beste klubekin. Haurrek gauza batzuek gurekin egiten dituzte eta beste batzuek, esaterako Ostadarrekin.

Hori bai, gure helburua haur eta gazteek kirola egitea eta kaletik ateratzea da. Eta futbolarekiko ez daukagu interes handiegirik.

Udalarekin zer moduzko hartuemana daukazue?
Ez dauka dirurik, eta ez dakigu laguntzarik ere izango dugun, ezetzik ez dute esaten baina ikasturtea laguntzarik gabe hasi genuen. Bestalde, ez gaude kiroldegiaren eta kirolaren kudeaketarekin ados. Meritu bat badaukate, herri osoa kudeaketa horren aurka egotea lortu dute: eskola, herritar, klub,... ez dute ezer ulertzen, traba eta eragozpenak jarri besterik ez dute egiten.

Judo edo gimnasian entrenamendu trukeak egin ditugunean, kanpotik datozen kirolariei sarrera kobratzea ez dago ondo. Edo gauza bera Eskola Kirolaren barruan Tenis jardunaldia antolatu genuenean. Espero dugu jokabide horiek Udal agintari berriekin aldatu egingo direla, baina momentuz ez dago horrelakorik eta haserrea hazten ari da.

Udalak ez digu laguntza handirik ematen, mila eurotik behera, eta beraz ezin dugu txapelketarik antolatu: San Pedrotako Tenis edo Mahai Tenis torneo edota Milia,... galdu egin dira. Baina egunen batean helduko dio norbaitek zezenari adarretatik, Klubak laguntzeko gaude.

Hori bai, 25 urteurreneko ekitaldietarako oso ondo portatu da Udala, dirurik ez du eman baina ez digute instalakuntzak erabiltzeko eragozpenik jarri.

Igandean hilaren 10ean egingo da festa?
Bai urtero egiten ditugu urte bukaeran ikasleen erakustaldiak eta bazkaria. Aurten, 25. urteurrena betetzen dugunez, ezer ikusgarria egin gabe, buelta bat eman nahi genion, eta kirol denak elkarrekin erakutsi, kirolaren ateak ireki eta herritarrei kirolak ikusteko eta probatzeko aukera eskaini, tenis pistetan eta ping-pong-eko mahaietan esaterako. Kiroldegian posible ez denez, Michelinen egingo dugu. Aldi berean, arituko dira, esaterako, judokak eta gimnastak. Herriko atletak ikusteko aukerarik ez da izango, atletismo denboraldia pil pilean dagoelako eta txapelketak jokatzen ari direlako, baina bazkarian denak elkartuko gara gero Aginagan.

Michelinen, Lokeko atal guztien aurkezpena egingo da hasteko, orain diren eta lehenago izan diren kirolen errepasoa, herritarrek LOKEren bolumena ikus dezaten. Gainera goizean zehar, LOKEren historia laburtzen duen erakusketa bat egongo da Michelinen bertan ikusgai, horretarako hainbat argazki, pentsa erreportai, artikulu eta aipamen prestatu ditugu.

Zaila al da bost arlo ezberdin uztartzea?
Zuzendaritza orain urteurrena dela eta ia astero elkartzen da, baina bestela ere gutxienez hilean behin. Hor planteatzen dira dauden arazo edo gaiak. Atalak autonomoak dira, baina Klub baten barruan gaude. Atal bakoitzeko arduradunek garrantzi handia dute klubean eta entrenadore denak izan dira puntako kirolariak. Gainera klubeko monitore gehienak euskaraz aritzen dira.

Gimnasiako taldea oso errotua dago, Maite Rueda, irakaslea, oso profesionala da, urte asko daramatza eta berak prestatutako monitoreen laguntza du. Lan bikaina egiten dute.

Judoan borrokalari batzuek urteak daramatzate punta puntan Garrido, Curiel, Zubizarreta, Elizalde, Martinez,... Gorka Aristegirekin eta berriak ere hurbiltzen dira klubera. Gure helburua ez da soilik kirol emaitza onak lortzea, taldea egitea eta pertsonak heztea baizik. Urteurrena dela eta hasierako borrokalariak elkartu gara, entrenatu eta afaltzera joateko.
Atletismoko monitorea olinpikoa da eta atletak emaitza onak lortzen ari dira.

Teniseko irakaslearekin ere oso pozik gaude eta padel atala ere irekitzeko asmoa daukagu, baina monitorea falta dugu.

Mahai teniseko jokalariak Donostian aritzen dira Atletico SS-Lasarte taldean. Entrenadore berbera zuten eta herriko dozena bat jokalarik donostiarrekin jokatzen dute. Hitzarmen bat sinatu zen han entrenatu eta jokatzeko.

Oro har erantzun ona daukazue beraz arlo denetan?
Bai, baina txapeldunak izateak dirua eskatzen du. Txapeldunak ibili egin behar dira, aurten judokak, esaterako, toki askotan egon dira, besteak beste Madrilen, Italian... Deseatzen gaude markak egin ditzaten eta onak izan daitezen, baina gero txapelketetara joan eta bidaiak ordaindu egin behar dira. Michelinen geundenean horretan ez zegoen arazorik, gustura ordaintzen zituzten bidaiak, Michelinen izena zabaldu egiten zelako eta emaitzek ere prestigioa ematen ziotelako. Eta orain eskean ibili behar dugu kirolariak hona edo hara eramateko.

Gainera etorkizun oparoa duten kirolari gazte on asko dugu herrian.