Ingurumena zaintzeko ekimen hoberenaren bila

Txintxarri Aldizkaria 2012ko ekainaren 8a

Ingurugiroa zaintzeko norberak egunero egiten dituen ekimenak jaso nahi izan dira aurten Aste Berdean. Honekin batera eraginkortasunez gidatzeko ikastaroa burutu zen asteartean. Honetan gidatzean ahalik eta gutxien kontsumitzen ikasi zuten hainbat herritarrek ikastaro teoriko eta praktiko batean. Gaur Okendon ekimen berdeen bildumarekin erakusketa egingo da 17:00etatik aurrera eta herritarrek ekimen hoberenak bozkatu ahal izango dituzte.

Ingurugiroa zaintzeko herritarrok egiten duguna ezagutzeko ekimen berdeak jasotzeko deialdia egin zen, Aste Berdearen baitan. Asteazken goizean ekimen hauen berri emateko informazio postu bat jarri zen Brigidatarren plazan eta bertan hauen gaineko informazioa emateaz gain, berriak proposatzeko aukera izan zuten lasarteoriatarrek.

Jasotakoen artean, hondakin gutxiago sortzeko tupperrarekin arrandegi eta harategira eramaten dituzten herritarrak, egunero lanera bizikletan joaten direnak, hondakinekin bitxiak egiten dituena, soilik bertakoak eta garaikoak diren produktuak saltzen dituen dendaren kasua... beste askoren artean.
Jendea informazio eske gerturatu zen eta batez ere konpostagailuen inguruan galdetzen zuten askok.
Izan ere, Mankomunitateak hauek doan errazten ditu baldintza batzuk betetzen dituzten herritarren artean. Hau da, Mankomunitea osatzen duten herrietakoa izan behar da eskaera egiten duen herritarra eta lur eremu bat izan behar du hau ipintzeko. Bigarren hau ere, lurra alegia, Mankomunitateko udalerri batean egon behar du.

Ekimen hoberena hautatu
Gaur, Okendo plazan, 17:00etatik aurrera ekimen berde hauen inguruko informazio gehiago eskura izango dute herritarrek antolatuko den erakusketarekin. Honetan erakusten direnen artean ingurugiroa zaintzeko hoberena den ekintza hautatu ahal izango da.

Eraginkortasunez gidatu
Asteartean berriz, eraginkortasunez gidatzeko ikastaroak burutu ziren. Martxa luzeak erabili eta gutxi balaztatzea dira kontsumoa murrizteko gidatzerakoan hartu beharreko ohiturak. Lasarte-Oriatik Usurbilerako joan etorrian, ia litro bat aurrez daiteke aipatutako bi gomendioak jarraituta.