
Karlos Altuna udaleko kirol-teknikaria eta Taxio Arrizabalaga Kirol eta festen zinegotziarekin batera atera zuten argazkia finalista guztiek.
Kontsolazio finala
Final honetarako Axier Munduate eta Raul Mateos sailkatu ziren. Azken honek lortu zuen garaipena, set-etan 3-0 gailendu zen Mateos, honako emaitzekin: 15-7 / 15-12 / 15-12.
3. eta 4. postuak
Xabier Amiano eta Oswald Cañedo finalaren atarian geratu baziren ere, arantzatxoa ateratzeko aukera eduki zuten hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partiduan.
Cañedok 3-0 irabazi zuen partidua, dirudiena baino gehiago sufrituz, Amianok ez baitzizkion gauzak batere erraz jarri. set bakoitzeko emaitzak honako hauek izan ziren: 15-13/ 15-10 / 15-12.
Final handia
Partidu borrokatua izan zen, izerdi asko bota beharrekoa eta tanto ale politak utzi zituzten bai Kenin Calvok baita Iker Cañedok ere.
Aurreko partiduetan ez bezala. honako honetan lau set jokatu behar izan zituzten txapelduna nor izango zen erabakitzeko eta azkenean balantza Kenin-en alde erori zen 3-1eko markagailuarekin.
Partidu gorabeheratsua
Lehen bi set-etan sendo aritu zen Kenin Calvo, aukera gutxi emanez Cañedori eta gainera, sasoi onean zegoen itxura emanaz. Lehen bi set-ak 15-12 eta 15-19 irabazi zituen gerora txapeldun izango zen Kenin-ek.
Hala ere, harentzat gauzak ondo zihoazela ziruditenean, beherakada txiki bat eman zuen eta hirugarren set-a galdu egin zuen Cañedoren mesedetan, 9-15eko emaitzaz.
Azkenean ordea, txapeldun handiek egiten duten gisan, gorputzari buelta eman eta zituen aukeretan sinetsiz, azken set estua irabaztea lortu zuen, 15-13 hain zuzen. Azken set-arekin batera, partidua eta txapelketa ere irabazi zituen Kinin Calvok.
Txapelketaren sistema
Lehen fasean, 17 parte-hartzaileak bi taldetan banatu zituzten eta ligilla sistema erabilita, taldetxo bakoitzeko hiru lehenengoek txapeldunen fasea jokatzeko txartela eskuratzen zuten. Kanpoan geratutakoen artean egiten zen kontsolazio txapelketa.
Behin txapeldunen fasean, ligilla sistema erabili zuten sei jokalari onenekin bi finalisten izenak erabakitzeko.
Azken finean, squash-ean aritzen direnei jokatzeko eta gozatzeko aukera ematea du xede txapelketak, horren argibide, finalen ostean denek batera egindako merienda ederra.