
Hernani KE, Zarautz-Balea, Buruntzaldea IKT eta Ordizia KE taldeak aritu ziren nor baino nor errelebo-proban.
Zaharrenek ordea, jo eta su jarraitu beharko dute lanean, ekainaren amaieran Gipuzkoa eta Euskadiko txapelketak baitituzte helburu. Gainera, uztaila erdialdean Espainiako txapelketak edukiko dituzte Iñigo Ibarburu eta Itsaso Tolosak oraingoz; eta baita joateko aukera ugari dauzkan Haitz Mitxelenak ere. Beraz, Buruntzaldea IKT-k infantil, junior eta absolutu mailan edukiko luke ordezkaritza Espainiako txapelketetan.

Buruntzaldea IKT osatzen duten neska-mutilek domina sorta polita eskuratu zuten eta pozik ziren probak amaituta.
Antolaketa, “fenomeno”
Borja Apeztegia Buruntzaldea IKT-ko entrenatzailearen hitzak dira. Oso gustura mintzo zen proba amaitu berritan egunak eman zuenarekin.
“Oso pozik nago, dena primeran atera da, lau talde eta 140 neska-mutil aritu dira igeri egiten eta gainera, jende asko bertaratu da probak ikustera”, zioen Apeztegiak.
Marka onak orokorrean
Orokorki hartuta, igerilariek euren markak jaitsi zituztela azaldu zuen Apeztegiak eta bi izen aipatu zituen bereziki, Iñigo Ibarburu eta Haitz Mitxelena.
Ibarburu infantilak 100m tximeletan lehendik zuen marka hobetu zuela eman zuen aditzera eta Mitxelena absolutuak berriz, 100m tximeletan minutu bateko langa zaila jaistea lortu zuela esan zuen, “ez da makala lortu duena, Espainiako gutxienekoaren jira-biran dabil eta ea horrela entrenatzen jarraituta are marka hobea egin dezakeen”, zioen Apeztegiak.
Denboraldiaren balorazioa
Borja Apeztegiak denboraldiak orain arte eman duenaz balorazio txiki bat egin nahi izan zuen: “Hazi egin gara, zentzu guztietan gainera eta igeriketarekin gozatu nahi duen orok ateak zabaldurik dituela gogoratu nahi dugu, berdin dio nolako maila duen, igeriketa egin nahi badu, gurean topatuko du lekua, ziur. Horren erakusgarri da master mailan daukagun arrakasta handia”.
Taldeko bazkaria
Goizeko nekea errekuperatu eta bide batez taldekideekin momentu goxo bat igaro asmoz, Goiegi jatetxean bazkaria egin zuten Buruntzaldea IKT-ko lagunek, 90 pertsona inguruko familian bilduta.