10_Rocioko erromeria euriari aurre eginez

Txintxarri Aldizkaria 2012ko ekainaren 10a

El Rocioko amabirjinaren omenezko festa handia ospatu ohi da urtero mendekoste asteburuan, hau da, Pazko egunetik 50 egunetara. Lasarte-Orian ere, Semblante Andaluz-eko fededunek egun hau ospatzen dute urtero, baina aurtengoan ez dute eguraldia lagun izan. Hala eta guztiz ere, Rocioko amabirjina herriko kaleetan barrena ibili da prozesioan eta egun osoan zehar ekintza ugari izan dituzte, tartean, meza, dantza, kantua, brindisa...

Jende ugari bildu zen Okendo plazako festara.

Jende ugari bildu zuen Rocioko erromeriak Okendo plaza inguruetan eta ez zen aspertzeko inongo betarik izan.
Amabirjinaren prozesioa

Azken unera arte zalantza handiak izan zituzten Rocioko anaitasuneko kideek urteroko prozesioa egin ala ez erabakitzerako orduan, euriagatik.
Azkenean ordea, fedeak eguraldiak baino indar gehiago duenez, herriko kaleetan barrena ibili zen Rocioko amabirjina eta Arantzazuko Amaren eliza barnean zein San Pedro elizaren kanpoaldean kantatu eta dantzatu egin zioten.
Goizean meza berezia

Urtero bezala, aurtengoan ere meza berezia prestatu zuten egun seinalaturako. Bertan, Semblante Rociero koruak emanaldi txiki bat eskaini zuen mezak iraun zuen bitartean.
Ekintza ugari egun berezian

Aurrez esandako guztiaz gain, hainbat momentu eta bizipen utzi zituen Rocioko erromeriak.
Besteak beste, Arroyok irabazi zuen patata-tortila txapelketa, Errenteriako Aljarafe eta Concha Rociera zein Lasarte-Oriako Sentimiento Andaluz-en kantu emanaldia, 170 lagunentzako paella...
Ostean etorri zen ohorezko ardoaren brindisa, bertan izan ziren Abdon Fernandez Semblante Andaluzeko lehendakaria, Pablo Barrio alkatea zein kolore guztietako zinegotziak etxe gonbidatuetako kideekin batera. Arratsaldean, Irun, Errenteria eta Andoaingo dantza-taldeak aritu ziren sevillanak dantzatzen giro ederrean.