15_“Disko eta taldekide berria ditugu”

jon-altuna-iza 2012ko ekainaren 11

Ostiralean aurkeztuko du bere lehen diskoa Makulu Ken taldeak 21:00etan Iruin sagardotegian egingo den festan. Gainera taldekide berria dute: Bea Hurtado tekla-jotzailea. Seikote "beteranoak" grabatu ditu CDko abestiak, hainbat adiskideren laguntzarekin. Txus Carrascok bateria jotzen du, Iñigo Suberbiola Xuber-ek perkusioa, Unai De Andres Patxus-ek baxua eta Xabi Herrerak gitarra jo eta kantatu. Honekin batera, abeslariak Eider Ormazabal eta Itxaso Irazustabarrena dira. Gustura dira taldekideak emaitzarekin, eta ostiralean ezagutaraziko dute. 28 euro dira afaria, diskoa, kontzertua eta sorpresak. Informazio gehiago makuluken@gmail.com helbidean.

Makulu Ken sortu zutenetik sei urtera kaleratuko du herriko taldeak bere lehen lana.
Zazpi lagun dira orain, Bea Hurtado tekla-jotzailea sartu baita taldera, baina "Makulu Ken" diskoaren grabaketan ez du parte hartu. Diseinua Brasilen egin die Tom Wright lagunak. "Ingelesa da, Nafarroako Zubietan kontzertu batean ezagutu eta bere lana gustatu zitzaigun, baina lanean hasi eta Brasilera joan zen bizitzera" kontatu digute.
Ostiralerako eskura izango du Makulu Ken-ek lehen diskoa eta gogoz daude erakusteko, biziberritu dituzten betiko kantuak eta sortu dituzten berri-berriak ezagutarazteko.