Udalak ofizialki omenduen izenak jakitera eman aurretik, EAJ-k hainbat hedabideetara bidalitako oharraren bitartez jakin ditugu hauek. Omenduak izango dira Jalgune elkartea, Danok Kide eta Pirritx eta Porrotx.
EAJ -ren desadostasuna
Ohar honetan EAJ-k bere desadostasuna azaldu du Pirritx eta Porrotx omenduen artean izateagatik. Ohar honetan eztabaida sortzeko asmorik ez dagoela azpimarratzen da baina “pailazoen ibilbide profesional arrakastatsua txalotu arren, omenaldi honetatik kanpo geratzea erabakitzen dute EAJko ordezkariak “pertsona hauek zinegotzi izandako garaian hainbat gertaeren aurrean azaldutako jarrerengatik”. Garai berri batean gaudela dio oharrak, “bake eta itxaropen garaia” baina oraindik urte batzuk beharko direla “zauriak ixteko” horregatik ez dute aitorpena egoki ikusten.
PSE-EE jaietatik kanpo
PSE-EEko Jesus Zaballos ordezkariak bidalitako beste gutun batean, hau Pirritx eta Porrotx omentzeagatik guztiz kontra azaldu da eta bere alderdia jaietako egitarau ofizialeko ekintzetan ez duela parte hartuko azaldu du erabaki hau dela eta.
Izan ere, “oraindik ezin dugu ahaztu duela 11 urte ETAk gure kidea Froilan Elespe hil zuenean, pailazo bikoteko kideetako bat udaleko zinegotzi izanda, honen hilketa ez zuela gaitzetsi”. Bestalde, Jalgune eta Danok Kidek merezitako omenaldia jasoko dutela eta zoriondu nahi izan ditu gutun berean.
Udalak bere aldetik ez du eztabaida honetan sartu nahi izan eta aurreikusi bezala, aste honetan aurkeztuko du San Pedro jaien egitaraua. Agerraldi honetan egitarauaz gain, omenduen izenak emango ditu jakitera eta jaiak iragarriko dituen kartela aurkeztuko da besteak beste.
