“Disko eta taldekide berria ditugu”

jon-altuna-iza 2012ko eka. 11a, 14:05
Ostiralean aurkeztuko du bere lehen diskoa Makulu Ken taldeak 21:00etan Iruin sagardotegian egingo den festan. Gainera taldekide berria dute: Bea Hurtado tekla-jotzailea. Seikote "beteranoak" grabatu ditu CDko abestiak, hainbat adiskideren laguntzarekin. Txus Carrascok bateria jotzen du, Iñigo Suberbiola Xuber-ek perkusioa, Unai De Andres Patxus-ek baxua eta Xabi Herrerak gitarra jo eta kantatu. Honekin batera, abeslariak Eider Ormazabal eta Itxaso Irazustabarrena dira. Gustura dira taldekideak emaitzarekin, eta ostiralean ezagutaraziko dute. 28 euro dira afaria, diskoa, kontzertua eta sorpresak. Informazio gehiago makuluken@gmail.com helbidean.
Makulu Ken sortu zutenetik sei urtera kaleratuko du herriko taldeak bere lehen lana.
Zazpi lagun dira orain, Bea Hurtado tekla-jotzailea sartu baita taldera, baina "Makulu Ken" diskoaren grabaketan ez du parte hartu. Diseinua Brasilen egin die Tom Wright lagunak. "Ingelesa da, Nafarroako Zubietan kontzertu batean ezagutu eta bere lana gustatu zitzaigun, baina lanean hasi eta Brasilera joan zen bizitzera" kontatu digute.
Ostiralerako eskura izango du Makulu Ken-ek lehen diskoa eta gogoz daude erakusteko, biziberritu dituzten betiko kantuak eta sortu dituzten berri-berriak ezagutarazteko.

Kide berria daukazue beraz?
Bai. Aspalditik geneukan teklak sartzeko intentzioa eta aurkitu dugu pertsona.

Zer emango dio taldeari?
Armonia batez ere, eta kolorea. Taldean dena da oso erritmikoa, gitarra ere bai, eta armonikoki ahul xamarra. Haize-instrumentuak sartzea pentsatu genuen, baina bakarra gutxitxo eta bizpahiru pertsona asko ziren taldean... Teklatua oso ondo datorkigu. Bea, herrikoa da, musika irakaslea. Ondo jotzen du.
Duela zenbat sortu zen taldea?
Itxaso eta Eider duela lau urte sartu ginen taldera. Lau mutilak pare bat urte aurretik hasi baina teklista batekin probatu eta urte bete alperrik galdu genuen berarekin. Gero tronpetista batekin ibili ginen... ea jada finkatu dugun taldea.
Serioski helduko al diozue?
Denok esaten dugu baietz, baina... Diskoarekin gauzak aldatu dira: lan handia egin dugu betiko kantak moldatzen. Kanta gehienetan bi gitarra sartu ditugu, eta ahotsarekin ere lan handia egiten ari gara. Dena den, hainbeste denbora ere ez daukagu, bakoitzak bere gauzak ditu, bere lana, bere umeak, bere istorioak...

Lehenengo diskoa da, ezta?
Bai, soilik lau kanta geneuzkan grabatuta, era narrats batean eta ez genuen kaleratu.

Orain gustura geratu al zarete?
Bai. Lan asko egin dugu.

Zer nolako abestiak dira?
Kanta batzuetan oso nabaria da Afro-Beat kutsua, beste batzuetan ez hainbeste. Funkiarekin zerikusia du, reggaearekin ere asko, nahiz eta ez den nabaritzen. Erritmoetan baino melodietan, abesteko eran... Eta rocka, noski, hor dago. Hori ukaezina da.

Zeri buruzkoak dira kantuak?
Denetarik dago. Gaur egungo arazoei buruzkoak, kritikoak... Dena den, normalean oso irekiak dira, ez dute gai konkretu batetaz hitzegiten. Saiatzen gara unibertsalak egiten.

Norenak dira?
Diskoko gehienak Xabirenak, eta besteak Xuber-ek egin ditu.

Abestiren bat ba al daukazue besteak baino kuttunagoa?
Ama batek dioen moduan, seme alaba guztiak berdinak dira, kar, kar... Egia esan diskoan sorpresa batzuek izan ditugu, lehen gustuko geneuzkan kantu batzuek atzean geratu dira eta "alrebes".

Zein izango da udako abestia?
Elefantea, dudarik gabe. Oso erraza da abesteko.

Mendebaldeko Trena sartu al duzue diskoan?
Ez. Kantuaren aldeko taldea sortu dute facebooken, baina aspaldi ez genuen ia jotzen... tirabira egon zen, grabatuko ziren abestien gure arteko puntuaketan ez zen atera.
Reggaea da, ez dago gaizki, baina ez genuen ondo moldatzen. Beste guztiaren desberdina, umezurtz geldituko litzateke diskoan. Nire ustez (Xabi) reggaearekiko feeling-a falta da taldean, denbora askoan ondo egiten saiatu arren.

Abesti berri berririk ba al dago diskoan?
Bai, bizpahiru. Azken kontzertuetan jo ditugu, inauterietan, Mauren tabernan eta Elkartasun Egunean.

Udaren atarian nola ikusten duzue zuen burua?
Jotzeko gogo askorekin. Gurpil zoroa da, diskorik ez dugu oraindik kalean, eta beharrezkoa da hori "boloak" bilatzeko.
Hala ere, ez da horren zaila. Ez da harrokeria, baina azken kontzertu gehienak etorri egin zaizkigu. Kontua da leku batzuetan jo nahi dugula eta horietara iristea dela zaila. Ideia da, behin diskoa aterata, ea horietako kontzerturen bat lortzen dugun.

Gogoarekin beraz udan errepidera ateratzeko?
Inoiz baino gehiago, beti gustatu izan zaigu eta. Asko aipatzen da uda, egia da kontzertu handiak udan izaten direla, baina guri berdin zaigu kontzertu handia edo txikia izan.

Perkusioak garrantzi handia du Makulu Ken-en?
Bai, erritmoak du garrantzia.

Ahotsak ere bai?
Bai, azken finean kutsu afrikar hori edukita... latinoak ere badira, baina, erritmo gehienak afrikarrak dira, eta, noski, ahots eta koro asko daude.

Europan zehar biraren bat... kanpora joateko asmorik ba al duzue?
Momentuz ez, baina ea etortzen den, gogoa badaukagu.

Dantzarik egiten al dute herriko jarraitzaileek?
Bai. Hori lortzen dugu. Plazetan ez hainbeste baina taberna txikietan, hurbilago gaudenean, giroa izaten da.

Festa bukatzeko talde egokia al da Makulu Ken?
Guk nahiago dugu lehenengo jo eta gero disfrutatu.

Kontzertu berezi edo gogoangarririk izan al duzue?
Lekunberrikoa da bat. Ondo pasatu genuelako Arantzan edo Oreretan egin genituenak ere bai, eta ondo jotzeagatik... ez dakit, kontrakoa galdetuz gero errazago esango genuke, kontzertu txar txarra, hori, gogoratzen dugu. Soinu ekipoa eta teknikaria kaxkarrak ziren.

Taldearen izena nondik dator?
Makuluak kendu. Buruko makuluetaz ari gara, gauzak ez egiteko beti daukagu eta aitzakiaren bat.
Izenarekin bada, bestalde, maldizio edo madarikazio bat, taldean sartu eta gero hiru behintzat egon gara makuluekin, Xabi, Txus eta Eider.

Diskoa nola zabalduko duzue?
Guk banatuko dugu, kontzertuetan, tabernetan, lagunen artean,... eta interneten ere jarriko ditugu kantuak entzuteko. Web orrialde bat egiten ari gara: www.makuluken.org