Proposamen guztiak onartu ziren Udalbatzarrean

Txintxarri Aldizkaria 2012ko ekainaren 13a

Ekaineko ohiko Udalbatzarra izan zen atzo. Hainbat proposamen eta mozio aztertu zituzten zinegotziek eta gehienak aurrera atera ziren udalbatzarraren oniritzi guztiarekin. Herritarrek ere hitza hartzeko aukera izan zuten.

Asko izan ziren atzo burutu zen ohiko udalbatzarrean landu zituzten gaiak eta bat izan ezik, beste guztiak aurrera atera ziren.
Horrela lehen puntua 2012ko ekitaldian kredituak aldatzeko bideratu diren espedienteen kontu eman zuen Estitxu Alkorta ogasuneko lehendakariak. “Aldaketak obra urgenteak egiteko izango dira, hala nola, futbol zelaieko zelaia edo zahar etxeko lanak”.
Ondoren, Hiribuseko zerbitzua ematearen tasa onesteko proposamena egin zen eta guztiek, Marisa Zubiri izan ezik, ez baitzen udalbatzarrean izan, aho batez onartu zuten. Honi esker, Hiri buseko txartelak 60 zentimo balioko ditu.
Jarraian aztertutako gaia, Lasarte-Orian babes publikoko etxebizitzen erregimena arautzen duen ordenantza aldatzeko proposamena izan zen. Alderdi gehienek baietza eman zuten eta PP abstenitu zen.
Era berean, Andre Joakina-eneko udal haurtzaindegia Haurreskolak partzuergoan integratzeko prozesuari onespena eman zion Udalbatzarrak aho batez eta era honetara, Udalak 145.000 euro inguru aurreztuko ditu urtean.

Mozioak

Jarraian mozioen txanda izan zen. Udaleko talde sozialistak aurkeztutako bi mozio eta Bilduren beste bat eztabaidatu ziren.
Batetik talde sozialistak Udalak Europako parlamentu eta kontseiluak izendatutako zahartze aktiboaren urtea rekin bat egitea proposatu zuen eta alderdi guztiek bat egin zuten.
Bilduk ere mozioa aurkeztuko zuen, Nafarroaren konkistaren 500. urteurrenari eta Gernikaren bonbardaketaren 75. urteurrenari buruzkoa. Hau ez zen aurrera atera. Bilduk bakarrik bozkatu zuen alde, PSE-EE eta PP aurka agertu ziren eta EAJ eta LOHP abstenitu egin ziren.
Azkenik, PSE-EE zarata eta bibrazioak arautuko dituen ordenantza prestatzeari buruz mintzo zen batzarrean. Mozioa aho batez onartu zen.

PSE-EEren galderak

Honela, galdera eta eskaerak egiteko txanda ireki zen eta, berriro ere, PSE-EE izan zen bakarra. Alderdi sozialistak batetik alderdi sozialistak eskatutako alkatearen dekretuen kopiak noiz izango dituzten eta bestetik Aierruko loturaren eta N-1 errepidean jarri behar ziren zarataren aurkako pantailen proiektuak nola dauden jakin nahi izan zuen.
Idazkariak lan handia dagoela eta, dekretu horiek lan karga gehiago suposatzen dutela azaldu zuen.
Bestetik Nerea Sanchezek, Hirigintzako saileko buruak azaldu zuenez, Aierruko loturaren proiektuaren informaziorik ez duela azaldu zuen eta zarata pantailei buruz, fase guztiak amaituak daudela eta urte honetan zehar Bidegik egin behar dituen urbanizazio lanak bakarrik geratzen direla aipatu zuen.

Lasarte

Eta azkenik, herritarrek haien kezkak edo eskaerak azaltzekoaukera izan zuten.
Tarte honetan Ricardo Izagirre herritarrak hartu zuen hitza eta idatzi bat irakurri zuen. Honetan, urte hauetan PSE-EEk egindako herriaren kudeaketa kritikatzeaz gain, gure herriaren izena aldatzea eskatu zion Udalbatzarrari. Bere ustez, Lasarte-Oriak Lasarte bakarrik izan beharko luke.