Udal aldizkaria ostiralean etxean jasoko dute herritarrek

maider-azurmendi 2012ko eka. 13a, 15:17
Pablo Barrio alkateak eta Haritz Iparragirre prentsa arduradunak udal aldizkaria aurkeztu dute. Aldizkaria elebitan dago eta printzipioz hiru hilabetero kaleratuko da. Ostiralean herritarrek jasoko dute hau euren etxeetan.
Udal informazioa lehen eskutik helaraztea du helburu aldizkari honek. Pablo Barrio eta Haritz Iparragirre izan dira aldizkaria aurkezten eta honen inguruko zehaztasunak eman dituzte. Gai garrantzitsu bezala jorratu dira Hiribusaren afera, Auzoetan landutako parte-hartze prozesua eta aurrekontuak. Azken gai hau lantzeko Estitxu Alkorta batzorde buruarekin elkarrizketa jaso da.

Honetan ere agenda bat osatu da herriko jai eta ospakizunekin. Hasiera batean hiru hilabetekari izaera izango du aldizkariak eta gazteleraz zein euskaraz jasotzen du informazioa. Bi hizkuntzek protagonismo bera izaten saiatu direla azpimarratu du komunikazio arduradunak eta kasu batzuetan ere, "euskararekiko diskriminazio positiboa" egin dela.

Argi utzi nahi izan dute ere, aldizkari hau udaletxe barruko baliabideekin egin dela eta gastu bakarra inprentakoa izan dela. "Egoera ekonomikoa zein den ikusita, eskura ditugun baliabideekin gauzatu dela azpimarratu nahi dugu". Gainera "gastu hau aurrekontuetan islatzen da".