Krisiari aurre egiteko ezkerraren proposamena

Txintxarri Aldizkaria 2012ko ekainaren 14a

Ezker abertzalea, EA, Alternatiba eta Aralarrek ezker soberanistaren proposamen sozioekonomikoren aurkezpena egin zuten asteazkenean, Manuel Lekuonan.

Aralarreko Ainhoa Beola eta Pavel Viñas ezker abertzaleko kidea izan ziren proposamenaren nondik norakoak azaldu zituztenak.
Gaur egungo diagnostiko orokorra egin zuten. Europa eta Espainiako krisi egoera aztertu eta egun krisi sistemikoa dagoela azaldu zuten. Hau da, krisi ekonomikoaz gain, krisi ekologikoa eta krisi soziala ere daudela.
Honetatik ateratzeko, lau alderdi ezkertiarrek Euskal Herriaren burujabetza beharrezkoa dela aipatu zuten.
Era berean, arlo guztietan garapen endogenoa eta solidarioa egon beharko lukeela adierazi zuten.
Esate baterako, Euskal Herriko produktu edo zerbitzuak indartu eta sustatzea, Amalurra babestu eta lurzoru legea aldatzea, herritarrak ere hezitzaile izatea edo herrien arteko kohesioa bultzatzea dira ideitako batzuk.
Pavel Viñasek irizpide horiek praktikan nola jarri azaldu zuen eta eskualde batzuetan ekintzak martxan daudela aipatu zuen, hala nola, Tolosaldean haien produktuak sustatzen hasi direla.
Amaieran hurbildu ziren herritarrek galderak eta haien iritzia emateko aukera izan zuten.