15_Aurrekontu arduratsuak aurkeztuko ditu Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2012ko ekainaren 15a

Lasarte-Oriako Udalak 2012 urteko aurrekontuak aurkeztu dizkie gaur hedabideei. Astelehenean Bildu, EAJ eta LOHP alderdien aldeko bozkekin onartuko direla aurreratu dute. Asteartean, ekainaren 19an, Villa Mirentxun arratsaldeko 19:00etan aurkeztuko zaie herritarrei.

Pablo Barrio alkateak, Estitxu Alkorta Ogasun saileko buruak eta Udal gobernuko kideek gaur eguerdian 2012 urteko aurrekontuak aurkeztu dituzte.
Alkateak lau urte aurrekonturik gabe lan egin dela gogoratu du. "PSE-EE ez zen gai izan aurrekontu batzuk onartzeko".
Jarraian, Pablo Barriok adierazi duenez, astelehenean aurkeztuko diren aurrekontuak arduratsuak direla aipatu du, "ezin dugu etorkizuna arriskatu". Horregatik murrizketa handiak egin direla azaldu du, "2008ko aurrekontuak %43a jaitsi ditugu. Egoera ekonomikoarekin bat eginez".
Eta gastuetan murriztu baldin bada ere, obrak egin eta zerbitzuak hobetuko direla jakin arazi du. Hala nola, Michelingo futbol zelaiaren aldaketa, Adarra kaleko urbanizatzea edo Hiribusa zerbitzua berriro martxan jartzea.

Sarrerak ez handiak

Ogasun sailko arduradunak Estitxu Alkortak ere aurrekontu arduratsuak direla onartu du. Izan ere, hauetan "benetan izango diren sarrerak bakarrik izan dira kontuan".
Gainera, Estitxuk gogoratu duenez, "jangela eta haurreskola Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko direla aurki eta horrek ere gastua txikituko du".