Zutabe hau argitaratzerako, Saharako errefuxiatuen kanpamenduetan izango naiz.
Badira urte batzuk, Fronte Polisarioarekin elkar lanean, eta Euskal Fondoaren parte hartzearekin, boluntario lan talde batek "Oporrak bakean" izeneko ekimena aurrera daramala. Ekimen honek bi helburu ditu nagusi:
Lehenengoa, 6 eta 12 urte bitarteko haurrei uda Euskal Herrian pasatzeko aukera ematea da, uda sasoian basamortuko bero jasanezinetik aldenduz eta babestuz, eta honekin batera, elikadura gabeziaren ondorioz sorturiko kalteei mediku azterketen bidez aurre egitea.
Bigarrena, euren herriak pairatzen duen egoera latzaren berri emateko bidea zabaltzea. Saharak 36 urte daramatza Estatu espainiarrak Marokoren esku salduta utzi zuenetik. Urte guzti hauetan, etengabeak izan dira giza eskubideen urraketak. Bortizkeria, atxiloketak eta bortxaketak noiznahi eta nonahi jasan behar izan dituzte. Marokok zigorgabetasun osoz Saharako baliabide natural guztiak espoliatzen ditu, hala nola, fosfato meategiak eta arrantzarako oso aberatsa den kostaldea.
Garrantzitsuena ordea, Marokok 1991n ONUk autodeterminazio erreferendumerako emaniko eskubidea ukatzean datza, eta honen aurrean Europako Komunitate Elkarteko herrialdeek ezikusiarena egitea.
Amaierarik ikusten ez zaion gatazka politiko honetan haurrak ditugu tarteko. Herrialde baten etorkizuna dugu ate joka, laguntza eske. Askori, mundu berri bat zabalduko zaie begien aurrean, ilusioa eta ametsa. Eta beste askori, ordea, ametsetako bidea amildegian bukatuko.
Euren herriaren egoera, zer ziren, zer diren, adorea eta kemena ahanzturan gera ez daitezen, Oporrak Bakean ekimenak bi herri hauen arteko elkartasuna sendotzen jarraituko du.