Bien bitartean tranpak erabiltzen dituzue?
Feromona sortzearen helburua arazoaren erantzun selektiboa da, orain erabiltzen ditugun tranpetan denetik sartzen da, erlea, bertako liztorra edo Asiako Velutina. Orain ardo zuria, garagardoa eta arandano siropearen nahasketa erabiltzen dugu. Sagardo gozoarekin ere probatu dugu eta ez da alde handirik izan.
Hernani eta Usurbilen ditudan tranpetan 60 bat liztor handi harrapatu ditut, emeak eta erreginak, gero kabiak egin eta ugalduko zirenak. Irun aldean gehiago dabiltza, eta dozena bat erlazainek hiru mila harrapatu dituzte.
Duela bizpahiru urte ikusi zenituzten lehenengo liztor erraldoiak, asko ugaritu al da?
Bai, asko ugaltzen da, denboraldi-jaioaldi bakoitzean 20.000-30.000 liztor sortuko dira erregina bakoitzetik, horietatik 300 erreginak. Udazkenean ernaldu eta erdiek negua pasatzen badute, 150 izango dira eta 100 bakarrik izanda ere, liztorren ehun kabi pila bat dira.
Erlea gustatzen zaie liztor hauei, bere dietan proteina eta bitaminak daudelako.
Proteinak xomorroetan dira, besteak beste, erleen gorputzetik hartzen dituzte eta
bitaminak, loreetan bilatzen ditu liztorrak, beraz erlauntzen aurrean zain egon eta
datorren erleak dena dauka liztorrarentzat, gorputzean proteina eta kargan bitamina.
Behin ikusi nuen liztor batek erleari lepotik heldu eta nola eraman zuen, lepoa moztu, buelta eman, pozoina duen zatia moztu eta beste guztia jateko eramaten. Oso bizkorra da. Pena daukat kamara bat ez nuelako orduan grabatzeko. Loteria izan zen ikustea.
Liztorren kabiak ere aurkitu dituzue?
Gipuzkoako Foru Aldundia laguntzen ari da. Batetik diru laguntza pixkat eman du eta bestetik suhiltzaileak prestatzen ari da ikastaro batzuen bidez liztorren kabiak beraiek jaso ditzaten.
Aurrena udaberri hasieran pilota moduko kabi txiki bat egiten du erreginak, pilota baten tamainakoa, eta gero handiagoa beste liztorren laguntzaz, 20-30.000 liztorrentzat jada arboletan. Txikiak dozena bat harrapatu ditut nik.
Zer egiten duzu aurkitzen duzunean?
Plastiko batekin kabia hartu estutu eta kitto. Ikerketak egiteko bat edo beste izozgailuan sartu ditut, baina hozgailuan sartzen baldin badituzu ez dira hilko. Hiru egunetara bizirik ziren.
Nik uste oro har jendea eta konkretuki politikoak ez direla konturatzen zer datorren.Liztor horrek eragina izan dezake, baita fruituetan, azken finean fruktosa eta glukosa duen edozertan, mahatsean esaterako eta haragia ere gustatzen zaio.
Sasoeta ikastetxean ere aurkitu zenuen kabi bat...
Bai duela 15 egun Sasoetako ikastolan egon naiz, eta kabi txikietako bat jaso nuen. Liztor bat ikastolara sartzen ikusi eta apal baten azpian habia aurkitu zutelako deitu zidaten. Jaso eta izozgailuan sartu nuen. Datorren astean bidaliko diot entomologoari, zer iruditzen zaion ikusteko, habian larbak ere badaude eta. Erregina erdibitu egiten dute aztertzeko eta ernaldua dagoen ala ez ikusteko.
Kanpoko beste liztor batzuek ere aurkitu dituzue?
Bai, erleen familiako intsektuak 200.000 inguru dira, edozein tokitatik etorri daitezke. Globalizazioaren ondorio da. Vespa Velutina Portugalen aurkitu dugu. Irundik Portugal aldera garraio asko dago. Nola etorri zen Bordeleko portura? Itsasontzi batean.
Gainera liztor honen berezko habitat-a, menditsua eta hezea ditu, beraz Kantauri osoan oso gustura dago.
Erleak berak topatuko al du liztorrei aurre egiteko modurik?
Miloika urte darama erleak lurrean, eta uste dut lortuko duela berak, baina momentuz berria da liztorra beraientzako eta denbora beharko du. Bitartean guk zerbait bilatuko bagenu... Entomologoen ustez bizpahiru urte beharko dira feromona bilatzeko. Gero produktua sintetizatu beharko litzateke, gainera.
Gaur egun eztia, propoleoa eta polena erakargarriak dira, argizaria ez hainbeste.
Garai batean argizariak ere garrantzia handia zuen baserrietan, eta elizarekin ere lotura handia zuen, argizaria behar zen argia egiteko. Baita etxetan zurezko lurretan emateko. Propoleoa eta polena berriak dira hemen, ez Kuban eta beste toki batzuetan. Polenak bitamina asko du.


