“Erlea langile aparta da”

jon-altuna-iza 2012ko eka. 15a, 12:05
Antonio Elizegi lasarteoriatarrak ez die erleen ziztada desatseginei beldurrik eta mingarriak badira ere, zaletasun honek harrapatuta dauka. Udaberrian egun osoa ematen du Urnieta bidean den Saltzate baserrian lanean. Bere birraitonak bazeuzkan erleak; aitonak eta osabak ere bai. Antonio Olaskoagarekin ikasi zuen erlazaintza, Valvanerako monastegira ere joaten zen hango fraileekin erleen berezitasunak ezagutzera eta 30 urtean intsektu langile hauen inguruko jakituria handia bildu du. Guri hainbat bitxikeria kontatu dizkigu.
Saltzate baserrian, Elduaien-en eta Urnietako Goiburun, leku ezberdinetan dauzka Erlauntzak Antonio Eleizegik, etxerako eztia, argizaria, propoleoa eta polena ekoizten ditu eta eskutik eskura banatzen du adiskide- ezagunen artean.
Babesteko traje berezia jantzi eta erleak erakutsi zizkigun. Gustuko bidean aldaparik ez, diote. Babesa eta kea ezinbestekoak dira erleekin lana egiteko, baina hala ere, tarteka heltzen diote erleak. Urtean zehar, “erleen 200 bat ziztada” izaten ditu gutxi gorabehera gorputzeko atal guztietan, baina erlezaintzak harrapatuta dauka Saltzate baserriko Antonio Eleizegi: “Atal batzuek minberagoak dira besteak baino, belarriak, bekainak, buruak, haragi gutxiena daukatenak, bizkarrean edo besoan haragi pixka bat dagoen lekuan gutxixeago baina hala ere mingarriak izaten dira. Dena den denborarekin inmunizatu egiten gara, gorputza jarri egiten da. Hasieran hurrengo egunerako dexente handitzen zitzaidan eta bi edo hiru egunetan egoten zen handitua. Gero konturatu nintzen jada, heltzerakoan momentuko mina izaten nuela, besterik ez”. Ziztadak gaixotasun batzuek sendatzeko erabiltzen dira, baina Eleizegik garbi dauka, “nik nahiago dut ez heltzea”. Ez du sekula pentsatu erlezaintza uzterik. “Ez, nik behar dut. Askotan sofritzen da ziztada hemen eta han, baina hurrengo egunean berriro erleetara joaten naiz. Niretzat beharrezkoa da”.

Non ikasi duzu erlezaintza?
Baserrian umetatik ezagutu ditut erleak. Txiki txikitatik, gure aitona zenak zaintzen zituen eta bere aurrekoek ere bai. Lehen ia baserri guztietan izaten ziren erleak, baina, halako batean, atenditzeko inork denborarik ez eta galdu egin ziren hemen. Osaba bat ibiltzen zen, baina lanean ordu asko egiten zituen eta ez zuen behar bezala atenditzeko modurik. Eta zazpi-zortzi urtean ez zen erlerik izan Saltzate baserrian. Niri beti asko gustatu izan zaizkit animaliak, beti izan nuen gogoa eta lagun batek esanda animatu nintzen

Eta ordutik harrapatuta...
Bai, Lasarten bizi zen, Antonio Olaskoaga aiarrak prestatu eta saldu zizkidan lehendabiziko erlekume eta bi erlauntzak duela 29 urte inguru 1983an. Hasieran behintzat maixua izan nuen. Larunbat askotan joaten nintzen berarengana ikastera Buruntza aldera. Gizonak izugarrizko pazientzia izan zuen nirekin. Eta izugarri ikasi nuen. Eta hortik aurrera, hainbeste gustatu zitzaidanez eta hain polita iruditu, erleak zeuzkaten lekuetara joaten nintzen. Gaur egun ez dakit baina orduan fraileek asko zekiten, eta monastegietara joaten hasi nintzen. Errioxan, Najeran, mendian dago Valvanerako Ama Birjina, erlazainen Ama. Monasterio horretan fraile bat ezagutu nuen, frai Bernardo, zabalik zegoen liburu bat, gizon oso apala, umila, zekien guztia azaltzeko prest egoten zen beti. Koaderno batean bururatzen zitzaizkidan galdera guztiak jarri eta joaten nintzen gizon harrengana eta pazientzia guztiarekin azaltzen zizkidan. Izugarri lagundu zidan. 1985. urtea izango zen. Gero liburuetatik ere asko ikasi dut, pixkanaka pixkanaka.
Gipuzkoan zaletasuna bazen, baina ez zen elkarterik. Lehen kaxak erostera Logroñora joan behar izan nuen, han erosi eta gero hemen arotz batek egiten zizkidan haien neurrietara. Zabalegin ikastaro bat antolatu zuten, erleekin genbiltzan nire moduko zazpi-zortzi lagun elkartu eta hasi ginen. Asko hitzegin eta ondo pasa genuen, eta haren ondorioz sortu zen Gipuzkoako Erlazainen Elkartea. Pozarekin esan dezaket, sortu zutenetako bat ni izan nintzela. Lehenengo pausuak zailak izan ziren, orduan ez geneukan lekurik ez ezer. Orain lokal eder bat daukagu, enpresa bati kaxak erosten dizkiogu, asko ekarrita modu hobean ateratzen denez, trailerkadak ekarri eta gordetzeko lekua behar genuen. Lehendabiziko hiru urteak egin nituen Gipuzkoako erlezainen elkartean.

Zenbat erle izaten dituzu?
Erlauntzek bere zikloa dute urte guztian. Bakoitzean erregina bat dago. Neguan, 8.000-10.000 erle gelditzen dira kaxan, eta erreginek arrautza gutxi jartzen dituzte, ale batzuek besterik ez, 30 bat egunean. Erleek loreen ura, (lorezti edo nektarra) eta loreen hautsa (polena) zurrupatzen dute eztia egiteko eta udaberrian, lehendabiziko loreen lorezti eta polena ekartzen hastean, erreginak arrautzak jartzen hasten dira. Eta 8.000 horietatik ailegatu daitezke, 60.000 izatera. Normalean 40-45.000 izaten dira hemengo erlauntza normaletan maiatzean. Ekainaren erdi aldean izaten dituzte gehien eta gero berriro jaisten hasten da kopurua, loreak egiten duen bezalaxe.
Erreginak jarritako arrautza bakoitzeko 21 egunetan erlekumea jaiotzen da, eta erle horrek, udan, 40 eguneko bizitza izaten du. Erregina eguneko bi mila arrautza erruteko gai omen da, baina bi hilabetetara hil egingo dira eta beraz, etengabe segi eta segi jarraitu behar du arrautzak jartzen.
Eta zenbat ezti ematen dute?
Erlauntza normal batean eta urte on batean, bataz beste urtean 20 kilo atera ezkero, urte ona dela esan daiteke. Gehien gehiena 40 bat kilo jaso dut kaxa bakoitzeko. Eguraldiaren arabera jasotzen da ezti gehiago edo gutxiago.
Normalean urtean behin jasotzen da eztia, irailean, baina posible da, maiatza inguruan apur bat jasotzea ere. Baserritar zaharrek esaten zuten Sanmieletako ilbeheran bildu behar zela eztia.

Zein leku da egokia erlauntzak jartzeko?
Ikusi behar da parajea eta zein lore dauden. Hemen onena mendi aldera jotzea da. Sailak behar ditu erleak. Hemen, akazia, gaztaina eta larra, sasia, dagoen lekuak oso onak dira. Sasia txartzat jotzen da baina sasilorearekin ezti oso ona egiten dute erleek. Gipuzkoan, beraz gehiena akazia, gaztaina eta larrarekin egindako eztiak dira.

Lekuaren arabera ezti ezberdina egiten da?
Bai, oro har, hemen mila lorea izaten da. Lore bakarrekoa izateko, ehuneko 75 lore batekoa behar du eta. Iaz lore bakarrekoa, akaziarena lortu nuen eta ezti oso ona. Gogortzen ez den ezti bakarra da akaziarena.

Zenbat motatakoa jasotzen duzu zuk?
Akazia, milalore eta noizean behin txilarrarena. Hau Elduaienen ditudan erleek egiten didate lau urtean behin. Txilarra udako landarea da, uztaila eta abuztukoa eta oso lehor badoa loreak ez du nektarrik izaten, baina uda fresko xamarra edo umela izaten denean pixka bat biltzen dut.
Gipuzkoako eztia kalitate onekoa da. Zergatik? Hemen ez dagoelako masiboki fumigatutako sailik. Aurten ere zain nago, urte garai honetan sagarrari intsektizida botatzen diote, eta horri diot beldurra. Duela bi urte erle asko hil ziren. Batez ere, intsektizida fumigatzean, pulberizatzean, haizeak eramaten eta zabaltzen du.

Erle mota ezberdinak ba al daude Zeintzuk dira erlerik onenak?
Mestizajea ere egongo da. Badira kanpotik ekartzen dutenak, erleei buruzko aldizkari batean, Caucasoko edo Italiako erleak eskaintzen dituzte, baina erregina horien kontra nago ni, hemengo erlea hemengo klimara egokituta dago eta. Italiakoaz oso langilea dela eta gutxi erasotzen duela diote eta horrela da, erlekume asko jartzen du eta eztia ere ona egiten du, baina erregina horrek ez du hemengo loreen kontrolik, eta udazkenean ere arrautzak jartzen segitzen du eta jan asko ez badiozue uzten galdu egingo da. Paraje bakoitzera ohituta dagoen erlea dela uste dut egokiena.

Noiztik jasotzen da eztia hemen inguruan?
Hemen gure baserrian nire birraitonak bazituen erleak. Aitonak ere bai, gero nire aita ez zen ibili baina osaba bai. 200 bat urte izango dira. Garai batean baserri gehienetan izaten ziren erleak. Aberasketatik argizaria eta eztia hartu eta eztia ateratzeko maindire batzuetan estutzea, lan handia zen. Gelditzen zen argizariarekin besteak beste orduan gehiago erabiltzen ziren kandelak egiten zituzten.

Eztigile asko al da inguruan?
Gipuzkoan zaletasun handia ari da jartzen. Lauzpabost erlauntza dituen “erlazain” asko dago baina askori goseak hiltzen zaizkie erleak. Eztia kentzean apurtxo bat utzi behar zaie erleei negurako, oso inportantea da hori eta ez dira gogoratzen. Ez dute asko behar, ahalik eta gutxiena kontsumitzen dute, baina bat ere ez badaukate, udazkenean eta neguan ez dago eztia egiteko lorerik eta hil egiten dira. Nik erlauntzaren goiko partetik den dena kentzen diet, eta behekoa utzi....
Hasiberri asko etortzen zait erle bila, horiek galdera asko izaten dute eta saiatzen naiz dakidana erakusten. Ni beraien lekuan jartzen naiz. Ni ere bere garaian horrela ibili nintzen, niri ere lagundu zidaten eta nik ere gustura egiten dut.

Erlazainen lana berezia da, kontu handia eskatzen du?
Lan berezia da eta gainera urte garai bakoitzean egin behar dira tokatzen direnak. Horiek ez badituzu egiten ez dago ondo eramaterik. Lana martxoaren aurrenean hasten da, negua zer moduz pasa duten eta erreginarik dagoen begiratu behar da, horretarako arrautzarik dagoen begiratzea nahikoa da. Oso ahula bada, beste batekin elkartzen dut, bi kaxa bata bestearen gainean jarri, periodiko orri batekin banatu, bestela usai desberdina dutenez borrokan hasten dira, eta pixkanaka orria puskatzen dutenerako usaia bateratua izaten dute. Bi erreginak elkartzen diren arte eta orduan indartsuena geratzen da aurrerako. Gero hemen garai inportantea da, maiatzean, lehen lore sendoak ateratzean. Orduan jartzen zaie gaineko kaxa, neguan hotzak aiseago pasatzeko kendu egiten diet. Eta gero irailean izaten da lanik gehiena, eztia jaso, abaraskak garbitu eta abar. Barroarentzako tratamendua ere irailean egiten diogu. Gero urritik martxora ez dute lanik ematen.

Eztia jasotzeko eta erleetaz babesteko zer erabiltzen duzue? Zein beste erreminta edo tresna behar du erlazainak?
Babesteko txapela, eskularruak eta kea erabiltzen ditugu. Abaraskak bata bestearekin erantsita egoten dira eta destornilladorea behar izaten da libratzeko, baina ez da beste ezer behar.

Ezti hori nola jasotzen da aberaskatik?
Eztia ateratzeko aberaskak erlerik gabe etxera eraman eta zentrifugatzaile bat daukagu. Argizarizko zigilua jarrita izaten dute (negurako kontserbatzeko), hori labana batekin kendu, zentrifugagailuan lau abaraska jarri eta bertan jasotzen da eztia. Hori hotzak hasi baino lehenago egin behar izaten da, behin urrian, ona egiten ez badu, eztia kristal bihurtzen hasten da, loditzen, eta behin lodituta abaraskatik ezin da atera.
Eztia gogortuta ikustean jende askok pentsatzen du azukrea daukala eta hori ezjakintasuna da, berak dauzkan propietateengatik, gogortzen ez den ezti bakarra hemen akaziarena da, beste ezti guztiak 14 gradu zentigradotik behera pasatzen badira, kristaldu egiten dira ontzietan edukita ere, hori da naturala, erlauntzen barruan ere hori gertatzen da. Neguan eztia gogor gogorra izaten da, azukrea dirudi.
Arina gustatzen zaionak, irakin gabe, ur berotan jarri behar du.
Asko berotuz gero propietateak galtzen ditu.

Neguan atsedena hartzen du erleak eta erlazainak ere bai?
Neguak ahalik eta lanik gutxiena egiten dute erleak eurak, hori da euren bizitza. Zenbat eta energia gutxiago erabili jan gutxiagorekin pasatzen dute eta. Bola bat bezala osatu eta hor egoten dira armonian, rotazioekin, txandaka bolaren barrualdean eta kanpoaldean. Ikaragarria da. Esaten dutenez 35 gradu dituzte bolaren erdian. Horrela lortzen dute ahalik eta janari gutxiena kontsumitzea eta bero mantentzea.
Aktibitatea hasten denean daukaten desgastearengatik 40 egun bizi dira erleak, baina udazkenera iristen direnak hiruzpalau hilabete bizitzen dira.

Zeintzuk dira eztigileen arazorik, eragozpenik handienak?
Barroarekin asko ikaratu ginen baina udazkeneko tratamendu horrekin a raya edukitzen dugu. Substantzia bat duen plastikozko tiratxo bat da; erabat ez da galtzen, badelako tratamendua egiten ez dionik. Erlamandoek zabaltzen dute hara eta hona. Arkakusoa bezalako xomorro bat da, txiki txikia, abaraskan bertan ugaltzen da eta erle larbei hankak eta hegalak jaten dizkie. Ni erletan hasi nintzenean ez zen barrorik, baina orain dela hogei bat urte hasi zen eta tratamenduarekin hor daukagu berroa baina ez digu kalte handiegirik egiten.
Orain arte beldur handiena ematen didana intsektizida da, duela bi urte ordu pare bat batean erlauntza batzuetako erle guztiak hil ziren. Oso gaizki pasa nuen.
Inguruan fruitu arbolak dituzten baserritarrekin hitz egin nuen, eta iaz ez nuen arazorik izan, baina aurten ere beldurrez nago.
Eta bestalde, liztor famatu hori dago. Kezkatzen hasita nago, ugaritzen ari dira, hemen azaltzen hasi zirela badira bi urte, iaz, inguru xamar kabiaren bat bazegoen eta saiatu nintzen arren ez nuen aurkitu, zuhaitz handietan eta goian egiten dute normalean. Erraketa batekin bidaltzen nituen ahal nituenak. Aurten ere espero dut asko ibiliko direla Donostia inguruan.
Liztorrak harrapatzeko tranpa jartzen dut, garagardoa, ardo zuria eta marrubi edo franbuesa siropearen nahasketa batekin. Udaberrian harrapatzea garrantzitsua da.
Liztorrak arriskutsuak dira, asko ugaritzen dira eta. Konponbidea litzateke, liztor emeen feromona lortu harrak erakartzeko. Harrak tranpara erakarrita emeak ernaldu gabe geratuko lirateke, baina horrelako ikerketa bat egiteko batetik diru asko behar da, eta bestetik gutxienez hiru urte beharko lirateke. Euskal Herria mailan erlezaintzak ez du diru asko mugitzen eta beraz nik uste ez direla asko arduratu. Liztorra duela bospasei urte sartu zen eta oraindik ez dute egin. Esaten dute Kantauri eta Pirinio guztia hartuko duela.

Zergatik dauzkazu erlauntzak leku ezberdinetan?
Toki bakoitzean asko ezin dira eduki, Gipuzkoan behintzat ez dagoelako denentzat adina lore, orain maiatzean, ekaina erdialdera arte, bai baina handik aurrera lore kopurua asko jaisten da, eta erlauntza asko baldin badaukazu elkarri lapurtzen hasten dira, batak besteari erasotzen, beraz, nire ustez hogei bat erlauntza nahikoa dira toki bakoitzean, eta hori inguruan beste inork ez baldin badauzka. Beste leku batzuetan 80 ere izaten dituzte, Valmanedan adibidez. Burrundara oso handia izaten zen han, ematen zuen makina handi bat martxan zegoela.

Txingurriak bezala oso langileak dira, ezta?
Bai diferente egiten dute lana baina estilo berekoak dira. Erlea langile aparta da, eta oso antolatua, horretan antolaketa kolektiboan eredua da: 60.000 erle pilatuta eta bakoitza bere eginbeharrarekin. Jaio eta lehen hamar egunetan barreneko lanak egiten dituzte, gero hasten dira ur eta polen bila ateratzen, erregina zaintzen dute beste erle batzuek, ateak zaintzen dituzte beste batzuek, garbitasuna egiten dutenak daude...

Horiek guztiak ikusi egin al dituzu zuk?
Bai, eta ikusgarriena dantza da, oso polita. Lore kantitate eta distantziaren arabera dantza bat edo beste egiten du erleak, besteei jakinarazteko. Dantzaren bidez erreferentziak ematen dizkiete elkarri, eguzkia kontutan edukita, zein norabideetan eta zenbat bidean joan badakite. Badaude azterketak. Lore gutxi dagoen garaian pote txiki batean eztia zelaian jarriz gero, zain egon eta halako batean bat ailegatuko da, handik gutxira dozena erdi bat eta jarritako kantitatearen arabera, proportzio horretan, tapatzeraino etortzen dira. Oso polita da erleei begiratzea.

Argizariarekin zer egiten da.
Argizariarekin gazta moduko batzuek egin eta elkarteak jasotzen ditu. Ukenduak egiteko ere eskatzen didate etxean belarrekin egiten dituztenek.

Eztiak zein ezaugarri on ditu? Gozoa eta osasuntsua da. Indarrik ematen al du?
Sano egoteko gauza naturala da, Ezti motak daude propietate ezberdinak dauzkatenak, nire gusturako txilarrarena da onena. Gustu berezia du.

Azukrea baino osasuntsuagoa da eztia, ezta?
Mila aldiz, inongo zalantzarik gabe. Gainera azukrea oso birfindua heltzen da. Behin eta berriro estutzen dute erremolatxa dena aprobetxatzeko.
Txarra ez da izango baina eztia mila aldiz hobea dela ez daukat inongo zalantzarik.

Erleen ziztadak ere erabiltzen dira sendatzeko, ezta? Ba al dakizu zerbait horretaz?
Donamaria, Nafarroako herri bateko emakume terapeuta batek erlakumeak eskatu zizkidan. Jendea erleen ziztadekin tratatzen du eta jendea berarengana joan eta berak tratamendua egin gabe, manejoa erakutsi, bakoitzak tokiren bat topatu erlauntzen bat edo bi jartzeko eta tratamendua eurak egitea nahi zuen. Hamar bat bezero omen zeuzkan. Jakin egin behar da tratamendua zenbat erlekin egin behar den zenbat denbora, zerbait irakurri dut baina ez dakit asko. Artikulazioetarako oso ona omen da.

Erlakumeak saltzen dituzu?
Saltzate baserrian erle indartsuenak dauzkat beste erlazain hasiberrientzat erle berriak sortzeko. Udaberrian asko ugaritzen dira erleak, erreginak egunean bi mila arrautza inguru jarri ditzake, eta beraz, urtero arrautza-larba batzuek beste kaxa batzuetan jartzen ditut erregina berri bat eta erlauntza berria sortzeko.
Lau abaraska aldatzen ditut beste kaxa batetara erle eta guzti, bat eztia eta polena dauzkana, beste bat arrautza jarri berriekin, beste bat 6-7 eguneko arrautza edo larbekin eta beste bat erlea jaiotzeko puntuan duelarik. Beti ere kaxan erregina gelditu dela aseguratuz. Erle berriak erregina falta dela konturatzen direnean, alarma zabaltzen da, eta antolatu egiten dira erregina ateratzeko.
Arrautzatik hirugarren egunean larba edo arra sortzen da, bati jelea ematen diote, pila bat, eta arrautza horretatik erregina sortzen da jelearekin, beste erle normalak baino handiagoa.
Erletarako diren arrautzei hirugarren egunean soilik jele tanta bat jartzen diete eta bestela eztia eta polenarekin egindako papilla bat ematen diete. Erlea 21 egunetara jaiotzen da, erregina 15-16 egunetarako. Garapen azkarragoa du. Erreginak lau urte bizi daitezke.
Erregina jaio eta aste betera kaxatik atera egiten denean, erlamandoak zain izaten ditu. Bat aukeratzen du harekin elkartzeko eta kasu batzuetan bi edo hirurekin ere bai. Apareamentua eta gero, erregina kaxan sartzen da eta jada ez da gehiago aterako. Beraz arrautzak jada ernalduta daude eta erle pila bat jaioko dira.
Ateratzea tokatzen zaionean eguraldi txarragatik ez bada ateratzen, ernaldu gabe geratzen da barruan betiko eta erle denak erle mando jaiotzen dira eta erlauntz hori galtzera doa gu garaiz konturatzen ez baldin bagara. Bestela berriro egin behar prozesua.
Erleak bakoitzak bere erlauntza du. Erlemandoak, aldiz, edozein erlauntzetan sartu eta jan egiten dute. Baina udaberri eta udan, gero udazkenean iraila aldean, erreginek bidali egiten dituzte erlamando guztiak eta hil egiten dira kanpoan.

Batzutan agertzen dira erleak hirietan?
Erle batzuek kentzen ez badizkiozu, udaberrian hainbeste ugaritzen denez, erreginak berak beste toki batera eramaten ditu erleak. Kaxa bete betea, agobiatu egiten dira, eta erreginak, adin eta klase guztietako erleen selekzioa egiten du eta atera egiten da beste tokiren batera, beste bizi bat hasteko. Udan agertzen dira erle multzoak askotan kaleetan. Orduan nik batetik erlekumeak galtzen ditut eta bestetik kaxa hutsik geratuko denez, horretan ez dut eztirik jasoko.

Erleek gauza asko ematen dute eztia, polena, propoleoa, argizaria...
Bai, eta azken hilabeteotan esperimentu bat egiten ari naiz erregina-jalea jasotzeko. Kostu handiko lana da, ordu askokoa, pixka pixka jasotzeko.
Erle kume gazteek egiten dute, eztia eta polena jan eta glandula batzuek dituzte erreginaren jakia edo jelea sortzeko. Ahul xamar dabiltzan pertsonentzat osagarri oso garrantzitsua da. Ikasleek azterketa garaian hartzeko oso egokia dela esaten dute. Suplemento oso konpletoa. 10 gramotako errazioa 20 egunetan hartzeko. Probatzeagatik egin dut.
Kaxen beheko partea da umetokia, hor egoten da erregina, arrautzak jartzen ditu, hauek larba bihurtzen dira eta gero erle. Bi espazioen erdian sare bat jartzen dute erreginak, handiagoa denez, pasatzerik izan ez dezan. Erleak beraz goian eta behean egiten dute eztia, baina horrela eztia jasotzerakoan ez du eragozpenik. Dena libre balego, abaraska batzuetan eztia legoke eta besteetan arrautza edo larbak.