Konpostaren sekretuak

jon-altuna-egitegi 2012ko ekainaren 16a

Abuztua eta iraila bitartean hasi ziren Zabaleta auzoko hainbat familia konposta egiten. Hamar hilabete hauetan sortu zaizkien galdera eta zalantzak argitzeko aukera izan zuten hitzaldia entzutera bertaratu ziren 25 lagunek Aitziber Sarasola adituaren bitartez.

Sortzen dugun zaborraren materia organikoa aprobetxatu eta usteltze utzita, lurra aberasteko ongarria ateratzea du helburu konposta egiteak.
Zabaleta auzoan 16 familiak konposta-gune komun bat abiarazi zuten 2011ko udaran eta horretaz gain, bada bere kaxa egiten duen auzokiderik ere. Guztiek izan zuten ordutik sortutako zalantzak argitzeko aukera eta bakoitzaren lana ebaluatzen ere aritu zen Sarasola aditua konpostagune komunean.

Konpostagune komunean azalpen praktikoak eman zituen Aitziber Sarasolak.


Funtsezko lau arauak

Sarasolaren hitzetan, konposta egiteak jolas baten antzekoa izan beharko luke, eta jolas guztien gisan, konposta egiteak ere baditu saihestezinak diren arauak, kasu honetan lau.

Batetik, konposta lurzoru lauaren gainean jarri behar da derrigorrez, lurrarekin kontaktu zuzenean, pisu asko hartzean albo batera eror ez dadin eta sagu zein arratoiek sarbidea zailago izan dezaten.

Bestetik, beharrezkoa da materia organikoa %50 berdea (hezea) eta %50 marroia (lehorra) izatea eta gutxienez hiru egunetik behin materia organiko freskoa botatzea.

Gainera, komenigarria da astean behin edo bitan konposta nahastea, konposta egiten lagunduko duten mikroorganismo eta xomorroak oxigenatu daitezen.

Azkenik, hezetasuna kontrolatu beharra dago, konpostagunea hezeegi egotea ez baita ona kate-trofikoa (bizidun batetik besterako elika-katea, funtsezkoa konposta egiteko) eten dezakeelako.

Sarasolaren hitzetan, konposta egoera onean egongo da hamar hilabete pasata eskuarekin hartu eta “plastilina” itxura baldin badauka.