Andoaindik etorritako Gaztelekuren bikotea Iñaki Artola eta Xabier Eguzquiza gazteek osatu zuten eta hauek jokatu zuten gorriz. Herriko bikotea berriz, Jon Ibisate eta Alex Echeverriak osatu zuten eta urdinez aritu ziren Intzako mutilak. Epaile lanetan aritu zen Peio Sarasola herritarra.
Partidua, Andoain aldera
Emaitzak argi eta garbi erakusten du andoaindarrak herritarrak baino gehiago izan zirela.
Partidu guztian zehar joan ziren aurretik, partiduaren erritmoa euren nahierara eramanez.
Hala ere, tanto luze eta piloteatuak jokatu zituzten, bi atzelariak benetan txukun ibili ziren partiduaren erritmoa eramanez eta aurrelariak zituzten aukerak aprobetxatzen saiatu ziren uneoro.
Azken finean, sufrimendu handiko partidua izan zen, horren erakusgarri andoaindarrek lortutako 14. tantoa. Alebinak izateko sekulako joa eta sufritzeko gaitasuna erakutsi zuten lau gaztetxoek eta nekearen nekez, azkenean, Intzako pilotariei txapa azpira joan zitzaien pilota tanto oso luze baten ostean.
Ikusleak oso gustura
Gustura ziren Michelingo pilotalekura hurbildu ziren ikusleak, eta gaztetxoen ahalegina txalo zaparrada luze batekin saritu zuten.
Beste finalerdia Donostia Alde Zaharra eta Zestoaren artean jokatu zen.
