Estibaliz Diaz Aztiko errekurtso demertsalen saileko biologoak aingirarekin burutako lanetan jardun da berak erantzun dizkigu ekimen honen nondik-norakoak.
Oria ibaia birpopulatzeko lanetan ari zarete Azti-Tecnaliatik. Zein helbururekin?
Oraingoz ez gara birpopulatzen ari, baizik eta birpopulaketa formula desberdinak testatzen ari gara eraginkorrak ote diren aztertzeko.
Emaitzak dauzkagunean ikusiko dugu, birpopulatzeak merezi ote duen, eta egitekotan zein da hau egiteko erarik eraginkorrena.
Aingira europarraren egoera oso larria da, erreklutamendua asko jauzi da eta horren ondorioz, Europar Batasunak Europako herrialdeei errekuperazio plan bat egiteko agindua eman zien.
Hemen bada halako araudirik?
Bai, Euskal Autonomia Erkidegoan adibidez 2008. urtean aurkeztu zen. Plan horretan, neurri desberdinak proposatzen dira arrantza zein ingurugiroari dagozkionak. Plana aurkezterakoan ez geneukan oso argi birpopulazioa gauzatzea komenigarria ote zen, eta egitekotan zein izango zen formularik egokiena. Proiektu honetan, Fundación Biodiversidad, Foru Aldundia, Ura eta EKOLUR erakundeekin elkarlanean, hori ari gara testatzen hain zuzen ere.
Zein da orain arte jarraitu duzuen bidea eta zeintzuk eman beharreko hurrengo pausoak?.
Hiru formula desberdin testatzen ari gara.
Lehenengo saioa 2011ko ekainean egin zen Orbeldin, Oriaren behe-ibilguan, goranzko migrazioan harrapatutako 2.410 angula zahar Ursuaranera eraman ziren orduan. Bigarren eta hirugarren saioetan berriz, Oriako 14 arrantzaleren laguntza izan genuen. Urtarrilaren 24eko gauean harrapatutako 6,464 kg eman zizkiguten hauek gure frogatan erabili ahal izateko. Angula hauen erdia Zegaman bota ziren zuzenean eta beste erdia, berriz, bi hilabetez gizentzen eduki genituen Mutrikuko akuikultura-eskolan. Azken hauek dira Agauntza ibaian, Ataunen askatu direnak.
“Formula berriak” probatzen ari omen zarete. Zertan oinarritzen dira formula berri hauek?
Egia esateko, egiten ari garena ez da hain berria Europa mailan. Izan ere, beste leku batzuetan gu testatzen ari garen hiru formula hauek erabiltzen dira egun. Gure kasuan benetan garrantzitsua da jakitea hiru modu hauetatik zein den gure erreketan erabiltzeko apropos eta egokiena.
Kontutan izan behar da, formula bakoitzak bere alde onak eta txarrak dituela.
Adibiderik esango al zenuke?
Esaterako, aingirak gizentzeari dagokionez, aingira hauek sendoagoak dira bai baina baliteke gerora ondo ez moldatzea ingurune naturalean. Hau da, gai ez izatea beraiek euren bazka bilatzeko edota harrapariez behar bezala babesten ez jakitea.
Asko murriztu al da azken urteetan aingiraren populazioa?
Esan bezala, Europa mailan orokorrean populazioak oso beherakada nabarmena izan du.
Erreklutamendua dioguna, alegia, gure kostaldetara iristen diren angulen zenbakia, minimo historikoetan dago egun. Hala ere, Oria ibaiaren kasuan datuak bestelakoak direla esan daiteke. Erreka honen uraren kalitatea pixkanaka-pixkanaka hobetzen joan denez, eta gainera honetan aingiraren bidean zeuden zenbait oztopo kendu direnez, orain dela hamar urte baino aingira gehiago dago egun Orian.
Hala ere animalia dagoeneko desagertuta zegoen Oriako hiru puntutan askatu dituzue angulak. Zergatik?
Bai, populazioa pixka bat hazi da, baina zenbait puntutan guztiz desagertuta zegoen. Horegatik bi arrazoi nagusi izan dira hau egiteko. Alde batetik, leku horietan ez dago aingirarik bertara heltzeko oztopoak zituztelako; baina aingira hezteko leku oso aproposak dira aldi berean bertako habitataren kalitateari dagokionez.
Bestalde, bertan aingirarik ez dagoenez, ez genituen aingirak markatu behar bertoko populaziotik bereizteko. Markaketak prozesua zailtzen du, eta aingiraren biziraupen eta hazketan eragina izan dezake.
Askatutako hauei jarraipena egingo diezue datozen hilabetetan ezta? Nola?
Askatukatutako aingiren biziraupen, ugaritasun, hazkunde eta dispertsio-tasak alderatzeko arrantza-elektriko bidezko laginketak egingo ditugu datorren udan eta udazkenean. Harrapatutako aleak kontatu eta neurtuko ditugu horretarako.
Oriako angula biomasa eta gizakiaren eragina aztertzeko asmoa duzue ikerketa sakonago batean.
Zergatik? Zer espero duzue aurkitzea?
Espeziearen berreskuratzerako kudeaketa egokia egiteko, ezinbestekoa da errekan gertatzen denaren informazioa edukitzea.
Aingirak errekangiza eragin desberdinak jasotzen ditu eta horiek neurtu behar ditugu kudeaketa egoki bat egin ahal izateko.
Lehenik eta behin, angularen Oriako estuarioko angulen biomasa zenbatu behar dugu eta gizakiak arrantzaren bidez duen eragina aztertu behar dugu eta honekin batera proposamen bat egin honen arrantza modu jasangarriagoan kudetu dadin aurrerantzean.
Bigarrenik, aztergai den eremuko zentral hidroelektrikoen ondoriozko hilkortasun-tasa ere kalkulatuko dugu eta honen inpaktua murrizteko neurriak proposatuko dira. Azkenik, kalkulatu nahi da zenbat aingirek lortzen duten Oria ibaitik irteten eta Sargazoen itsasora Ozeano Atlantikora, ugaltzera itzultzea. Gipuzkoako ibai honetako esperientzia eredu gisa erabiliko da Espainia iparraldeko arro guztietan espez iearen kudeaketarako.
