Pailazoen abentura Olinpikoa

Txintxarri Aldizkaria 2012ko ekainaren 18a

Pirritx, Porrotx eta Marimotots herriko pailazoek euren abentura berria aurkeztu dute. Elkar argitaletxearekin argitaratutako azken ipuinean kirol egokitua oinarri duen istorio zirraragarria eta alaia dakarte. "Piraten olinpiadak Txirlabeltza uhartean" da ipuinaren izena eta aurkezpenean Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko kirolari eta kideen parte hartzea izan zen. Hauen artean pailazoen azken ipuina babesten Patxi Fadrique herritarra izan zen. Azken hau saskibaloian, tenisean eta palan aritzen da oso emaitza onak lortuz.

Herriko Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek euren azken lana aurkeztu berri duta. Kasu honetan haurrentzako ipuina da eta Elkarrek argitaratu du.

Mitxel Muruak idatzi du “Piraten olinpiadak Txirlabeltzaren uhartean” istorioa eta marrazkiak, berriz Julen Tokero ilustratzaileak egin ditu ohi bezala.

Piraten istorioa
Ipuina Txirlabeltza uhartean kokatzen da. Bertan jokatzen dira piraten olinpiadak eta Patakonek bertara joatea proposatzen die itsasontziko gainontzeko kide guztiei. Denak pozez zoratzen jartzen dira olinpiadetan parte hartzearekin baina poza amaitzen da Patxijaik joateko asmorik ez duela taldearen aurrean esaten duenean.

Patxijaik inork ikusten ez dituen gauzak ikusten dituela esan daiteke. Olinpiadei buruz ikuspegi berezia du berak, batek irabazteko besteek galtzea beharrezkoa da hauetan eta ez du atsegin izan ere lehenengoa bakarrik egoten da pozik. Horrela jolastera joatea erabakiko dute protagonistek, araurik gabe ondo pasatzeko helburuarekin.

Kirol egokitua gertutik

Pirata kuadrilan denetariko pertsonak daude, Kaxianok ez du ikusten, Amaia Begiluze gorra da... Ipuinaren mezua nolabait hala deitu badaiteke, pertsonak bertuteen arabera baloratu behar direla da eta ez ordea, dituzten gabezien arabera.

Hori da hain zuzen Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioan lantzen den esparrua, gizartean ideai hau zabaltzeko lan eginez eta horregatik bat egin dute herriko pailazoen azken istorioarekin.

Kirolarien babesa
Federazioko hainbat kide izan zen ipuinaren aurkezpenean Lasarte-Oriako pailazoekin batera. Euren kirol emaitza bikainengatik lortutako domina eta guzti azaldu ziren gazteenak. Kirolari hauen artean Patxi Fadrique lasarteoriatarra izan zen.

Patxin eta Potxin pailazo bikoteko kide zen Fadrique eta musikaria. Emanaldi batetik bueltan, istripua izan eta geroztik kirolari egin da hainbatetan Txintxarri-n jaso moduan. Saskibaloian, palan eta tenisean aritzen da oso maila onean eta horren lekuko dira jasotako emaitzak eta sariak.

Pailazoen azken abentura koloretsu eta alai honekin kirol egokitua hurbildu nahi zaie etxeko txikienei eta pertsonen bertuteak gabezien gainetik daudenaren mezua zabaldu nahi dute istorio honen kontakizunarekin.