18_Aztiko ikerlariak Oria ibaira aingira ekarri nahian

maider-azurmendi 2012ko eka. 18a, 02:00

Azti-Tecnaliako biologoek aingira europarra berreskuratu nahi dute eta bere populazioa ugaltzeko ahaleginetan hainbat formula erabiltzen ari dira Oria ibaian. Erreka honek urteetan jasan duen kutsadura dela eta hainbat izan dira animalia honek aurkitu dituen oztopoak, askotan desagertzerainoko ondorioekin. Oztopo hauek kenduta, biologoak espezie honen birpopulatze saiakera egiteko lanetan ari dira. Oraindik oso goiz da lanek eragina izan duten jakiteko baina egindako lanaren inguruan hitz egin digu Aztiko Estibaliz Diaz biologoak.

Oria ibaiak zeharkatzen du Lasarte-Oria. Erreka honi begira eta lotuta hazi da urteetan zehar herria eta bertako eragile ekonomiko garrantzitsuena izan da honen inguruan jaiotako industriari esker. Egunero ikusten badugu ere, ez dago gaizki ibaiaren hainbat ezaugarri gogora ekartzea.

Oriak 75 kilometroko luzeera dauka eta honen ibaiadar nagusiak dira Agauntza, Amezketa, Araxes, Zelai, Urtsuaran, Asteasu eta Leitzaran. Gipuzkoako arro handieneko ibaia dugu eta 54 udalerri hartzen ditu bere ibilbidean.

Industriaren urte indartsuenetan Oria izan zen enpresa horien produzkzioaren ondorioak gehien pairatu zituena. Fabriketako hondakinak kontrolik gabe isurtzen ziren erreka honetara eta noski, azkenean bertako animalia eta landare espezie askoren hil eta desagertzea eragin zuen.

Azken hamarkadetan araudi ezberdinak lagun, enpresek ez dituzte halako isuriak egiterik eta hori antzematen joan da, erreka garbiago baten alde.