Aztiko ikerlariak Oria ibaira aingira ekarri nahian

maider-azurmendi 2012ko ekainaren 18a

Azti-Tecnaliako biologoek aingira europarra berreskuratu nahi dute eta bere populazioa ugaltzeko ahaleginetan hainbat formula erabiltzen ari dira Oria ibaian. Erreka honek urteetan jasan duen kutsadura dela eta hainbat izan dira animalia honek aurkitu dituen oztopoak, askotan desagertzerainoko ondorioekin. Oztopo hauek kenduta, biologoak espezie honen birpopulatze saiakera egiteko lanetan ari dira. Oraindik oso goiz da lanek eragina izan duten jakiteko baina egindako lanaren inguruan hitz egin digu Aztiko Estibaliz Diaz biologoak.

Oria ibaiak zeharkatzen du Lasarte-Oria. Erreka honi begira eta lotuta hazi da urteetan zehar herria eta bertako eragile ekonomiko garrantzitsuena izan da honen inguruan jaiotako industriari esker. Egunero ikusten badugu ere, ez dago gaizki ibaiaren hainbat ezaugarri gogora ekartzea.

Oriak 75 kilometroko luzeera dauka eta honen ibaiadar nagusiak dira Agauntza, Amezketa, Araxes, Zelai, Urtsuaran, Asteasu eta Leitzaran. Gipuzkoako arro handieneko ibaia dugu eta 54 udalerri hartzen ditu bere ibilbidean.

Industriaren urte indartsuenetan Oria izan zen enpresa horien produzkzioaren ondorioak gehien pairatu zituena. Fabriketako hondakinak kontrolik gabe isurtzen ziren erreka honetara eta noski, azkenean bertako animalia eta landare espezie askoren hil eta desagertzea eragin zuen.

Azken hamarkadetan araudi ezberdinak lagun, enpresek ez dituzte halako isuriak egiterik eta hori antzematen joan da, erreka garbiago baten alde.

Azken hamarkadetan, aingiraren populazioak gainbehera handia jasan du Europa osoan hainbat faktore medio: habitatak galdu eta asaldatzea, kutsadura, ibaietan alde batetik bestera joateko animaliak aurkitu dituen oztopoak, espeziea beraren gehiegizko arrantza zenbait eremutan kalte handiak eragin ditu



Kutsaduraren ondorioak
Ibaiak urteetan kutsadura tasa altuak izan ditu, oraindik 2009an egindako ikerketa batean, Oriaren kutsadura maila Europar Batasunak ezarritako neurrietatik gora kokatzen zen. Zehazki Euskal Autonomi Erkidegoko sei ibairik kutsatuenen artean kokatzen zen Oria.

Aipatutako kutsadura tasa hauek murrizteko lanetan ari dira hainbat erakundetako ingurugiro sailek. Oraindik Oria berreskuratzeko asko dira zaindu beharrekoak adituen hitzetan baina badirudi, poliki-poliki bada ere, bizitza bueltatzen ari dela erreka honetara.

Interes zientifikoa
Oriako animaliarik preziatuenetakoa ibai-aingira izan da. Anguilla anguilla, espezie berezia da oso ikuspegi biologikoari erreparatuta. Animaliak berak interes zientifiko handia du baina gure inguruko ekonomian ere izandako eragina azpimarratzekoa da. Animalia honen arrantzak gure inguruan urteetan izandako garrantzia eta ibilbidea aipagarria da oso.

Aingira hala ere, aipatu moduan ez da soilik gure inguru honetan bizi den animalia, ia Europa osoan eta Afrikako iparraldean bizi da berez. Honen berezitasuna da ur gezatan hazten dela eta ondoren, Sargazoen itsasoan ugaltzen den espeziea dela. Bide hau egin ahal izateko animaliak ez ditu oztopoak izan behar eta urtetan hau egitea geroz eta zailagoa izan da kutsadura edota gizakiaren eragina medio.

Azken hamarkadetan, aingiraren populazioak gainbehera handia jasan du Europa osoan hainbat faktore medio: habitatak galdu eta asaldatzea, kutsadura, ibaietan alde batetik bestera joateko animaliak aurkitu dituen oztopoak, espeziea beraren gehiegizko arrantza zenbait eremutan kalte handiak eragin ditu, gertatu diren aldaketa ozeanografikoak, gaixotasun eta bizkarroiek ere besteak beste eragin handi izan dutela ahaztu gabe.

Kudeaketarako plana
Euskal Autonomia Erkidegoan ibai-aingira kudeatzeko plana 2010eko urrian onartu zuen Europako Batzordeak eta Europako Kontseiluaren 1100/2007 erregelamenduaren (2007ko irailekoa) ondorio da.
Erregelamendu horrek ibai-aingiraren populazioa berreskuratzeko neurriak arautzen zituen eta horrekin batera, animalia honen jarraipena eta ikerketa programak garatzeko ere ateak zabaltzen zituen.

Programa honek oso neurri zehatzak dakartza bere baitan, bai eta jarraipen-plan eta ikerketa-plan bat ere aurreikusten ditu. Orokorrean, Aingiraren hilkortasun tasa murriztea du helburu eta horretarako hainbat neurri proposatzen dira.

Besteak beste, animalia honen arrantza murriztea ezartzen du, espeziea hainbat errekatan berriro sartzeko neurriak hartzea, habitatak eta ibaiaren arteko loturak hobetzeko lanak burutzea, erakundeek harraparitzaren kontra egitea eta akuikulturarekin lotutako bestelako ekintza batzuen garrantzia azpimarratzen da.

Arrantza mugatu
Beste zenbait neurriren artean, honakoak dira angula-arrantzari gure inguruan jarri zaizkion mugak:
-Arrantza-baimenak berritzeko neurriak zorrotz bete beharko dira.
-Kupoa: 2 kg angula arrantzale eta eguneko, modalitate eta arro guztietan.
-Arrantza-denboraldia laburtu egingo da: azaroaren 15etik urtarrilaren 31ra arte, gaur egun, urriaren 15etik martxoaren 15era bitartekoa da.
-Hiru ibai nagusien erreserba adierazpena egin, Oiartzun, Urumea eta Barbadun, eta bigarren mailako bi ibaetakoena honen baitan Iñurritza eta Andrakas kasu. Horrela lau urte dira dagoeneko debekatuta dagoela aingiraren arrantza aipatutako erreka hauetan.

Oria ibaia egun
Oria ibaiaren egungo egoerari erreparatuz, adituek diote aingiraren egoera hobetu dela azkeneko urte hauetan. “Baina horrek ez du esan nahi bere egoera ona denik”.

Kontutan izan behar da aingira europarrak populazio bakar bat osatzen duela beraz, aingiraren egoera orokortasun horretatik abiatuta aztertzea komeni da. Horrela, espezie honen egoera ez da ona izango Europa mailan behar dena izan arte. Eta hau lortzeko oso kontutan izan behar da hori Europan hartzen diren neurrien araberakoa izango dela beti. Beraz, gure errekatara iristen diren angulen kopurua nabarmen igo arte, ezin izango da esan aingira bera gurean berreskuratu denik.