Herritarrek koloreztatzeko jaiak, Sorgin Jaiak

Txintxarri Aldizkaria 2012ko eka. 20a, 21:24
Sorgin Jaietako batzordeak gaur aurkeztu du San Pedro jaietako egitaraua Okendo plazan egindako agerraldian. Aurten berrikuntza nagusia da Sorgin gunea Okendon kokatuta egongo dela.
Ane Labaka eta Oihan Agirretxek Sorgin gunean izango diren nondik norakoak azaldu dituzte Okendo plazan egin den agerraldian.
"Hasierako urteetan kolpatuak izan zirenen amorruarekin, urterik urte kanpotik etorri zaizkigun herrien bizitasunarekin, herrian falta zaizkigunen herriminarekin, berdintasunaren aldarriarekin, autogestioarekin, lanarekin, borrokarekin, ilusioarekin" datoz Sorgin Jaiak.
Aurten gainera, Labakak azpimarratu duen bezala, udaletxearen oztoporik gabe eta kokaleku berrian, Okendo plazan, "gure herriko bihotza dena eta ekainaren 27tik uztailaren 1era inoiz baino taupada biziagoak emango dituena".
Gainera, belaunaldi aldaketa dela eta, inoiz baino festa gazteagoak izango direla aipatu dute. "Lehengoek egindako bideari jarraiki, iragana eta oraina lotzen saiatu gara".


Oharrak

Egitarauaren irakurketa egin eta hainbat ohar ere jakin arazi dituzte batzordeko kideek. Hala nola, bakailao janarekin batera txakolin dastaketa egongo dela, bazkari eta afarietako tiketak ohiko tabernatan salgai daudela edo Okendo plazan asteazken eta ostiraletan 18:30etatik 20:30etara jartzen den postuan kamisetak saltzeaz gain, aurreko urteetako edalontziak jasotzen dituztela.
Hau guztiaz gain, Sorgin gunea gune askea dela gogoratu dute eta ondorioz, bertan jarrera sexista, homofobo edo arrazistarik ez dela onartuko gogorarazi dute.
Azkenik, herritarrak animatu dituzten jaietan parte hartzera, "herriarentzat eta herritik egindako jai hauek herritarrek koloreztatu ditzagun".